ELAk salatzen du elikagaiak %15 garestiagoak direla eta batez besteko hipoteka 3.000 euro handiagoa

Abenduan elikagaien eta alkoholik gabeko edarien prezioa duela urtebete baino %15,7 handiagoa izan zen. Azukrearen prezioa %50 igo da, esnea %37, oliba olioa %35, arrautzak %29, arroza %21, ogia %15 eta hegazti haragia %15, adibide batzuk ematearren. Ildo horretan, Sanchezen Gobernuak oinarrizko produktuen BEZa kentzeko iragarri duen neurria oso antzua da, eta ez du ia eraginik izan elikadura prezioetan.
Azpimarratzekoa da azpiko inflazioak etengabe gora egin duela %7ra arte, KPIaren urte arteko tasaren gainetik finkatuz. Azpiko inflazioak elementu lurrunkorrenak (elikagaiak edo energia) preziotik kanpo uzten ditu, eta horien etengabeko igoerak erakusten du enpresak kostuen igoera produktuen eta zerbitzuen azken preziora eramaten ari direla. Enpresak egoera aprobetxatzen ari dira etekinak handitzeko.
Horri gehitu behar zaizkio interes tasen igoerak hipoteken prezioan dituen ondorioak. Euriborra %3,3tik gora dago gaur egun, eta duela urtebete balio negatiboetan zegoen. Horren ondorioz, batez besteko hipoteka aldakorra urtean 3.000 eurotik gora garestitzea aurreikusten da, eta gaur egun sinatzen diren hipoteka finkoak ere garestitu egingo dira.
Erosketa saskia eta etxebizitzaren prezioa nabarmen garestitzen dira, soldatak KPIaren arabera eguneratu gabe dauden bitartean. Horren ondorioz, langile klaseak, bere errentaren zati handiena oinarrizko produktuetara eta etxebizitzara bideratzen duenak, bere erosteko ahalmena murrizten du eta gero eta pobreagoa da.