ELAk Fuerte del Príncipe egoitzako pertsonal funtzionarioa kanpoko enpresa bateko pertsonalaz ordezkatu dutela salatzen du

2018/07/19
Arau guztien aurka, azpikontrata bateko pertsonala hartzera jo zuten. Azpikontrata horrek lehenagotik egin ohi zituen lanak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuarendako.

Iruñako Fuerte del Príncipe egoitzan zerbitzua modu egokian ematen jarraitzeko, Zuzendaritzak eskatu zien langileei oporrak modu mailakatuan hartzeko. Horrela ordezpen erakargarriagoak eskaini ahal izanen zizkieten ordezpen-zerrenda osatzen duten ehunka pertsonari. Pertsonalak ontzat eman zuen eskaria, eta hala egin zuen.

Hala ere, sanferminetako bezperetan ustekabez ikusi zuten langileek ordezkapen bakarra eskaini zutela, gaueko txandan, sanferminetan. Bat-bateko lan-eskaintza prekario hori ikusita, ordezpen-zerrendako inork ez zuen onartu Kontratazio Sailaren deia. Egoera honetan, enpresako zuzendaritzak erabaki zuen Sedena enpresarekin kontratatzea beraien beharrak. Enpresa hori Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren azpikontrata da, eta lehenagotik egin ohi dizkio lanak.

Jakina denez, Nafarroako administrazio publikoetako langileen ordezpenak egiteko pertsonala deialdi publiko baten ondoren hautatu behar da, arauteriak hala agindurik. Hautaketa-probak merezimendu eta gaitasun printzipioetan oinarritu behar dira. Horrekiko, ELA sindikatuak oroitarazten du aldi baterako kontratazioko E mailako zerrenda bat indarrean dagoela, eta bertan milaka pertsona daudela, horretarako hautaketa-probak gainditu dituztenak. Jardunbide hori, beraz, zeharo gaitzesgarria da.

Egoitzako langileek ohartarazita ELA sindikatuak gertaera hori salatu zuen sanferminetan beraietan Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuan. Hori dela-eta, aipaturiko institutuko arduradunek ez zuten arauz kontrako zidorrak bilatzen jarraitu, Administrazioan aldi baterako kontratazio bat lortu nahi duten hautagaien bidezko interesen kaltetan.