ELAk salatzen du Hezkuntza Departamentuak behin-behineko ehunka langile udako oporrik gabe utziko dituela

2019/07/18
Hezkuntza Departamentuak ez du hezkuntza itunean hartutako konpromezua betetzen eta ez ditu finikitatzen behin-behineko ehunka irakaslek sortutako oporrak.

“Nafarroako Irakaskuntza Publikoaren Kalitatea Hobetzeko Itunak” (2018) jasotzen du 2018- 19 ikasturtetik aitzina, hura barne, udako hilabeteetara zabalduko zaiela kontratua modu automatikoan ikasturtean zehar gutxienez ere bost hilabete eta erdi lan egin duten behin- behineko langileei.

Hezkuntza Departamentua ez da neurri hau betetzen ari, ez dakigu beteko ote duen eta betetzekotan noiz izango den. Hezkuntza publikoan irakasleen %33 inguru behin-behinekoa da. Beste behin ere behin-behinean lanean diharduten langileak dira prekarietate egoera gehien sufritzen dutenak, horietako askok ez baitute aurten ere udako oporrez disfrutatuko Hezkuntza Departamentuaren erabakiz.

Gogoratu behar dugu ELA izan zela urte bete baino gehiagoko “negoziazio” lanen ondoren, mahai sektorialeko sindikatu bakarra ituna sinatu ez zuena. ELArentzat itunak zenbait aurrerapauso jasotzen dituen arren (tartean orain betetzen ari ez diren neurria), itun honek ez ditu UPNk eta PSNk ezarritako murrizketak osotara atzera botatzen eta ez die erantzuten kalitatezko hezkuntza publikoaren alde sindikatu guztiek mobilizazio bateratuetan egin genituen aldarrikapenei.

Honetaz gain ELAtik salatu genuen itunak puntu askotan zehaztasuna eta planteamentu ekonomikoa falta zituela. Honek irekita uzten zion bidea Departamentuari itunean hartutako konpromezuak ez betetzeko. Hori da hain zuzen ere momentu hauetan gertatzen ari dena. Ehunka irakasle daude udako oporrez disfrutatu ezinik.

Hezkuntza Departamentuari arduraz eta erantzunkizunez egoera hau lehenbailehen argitzea eta itunean hartutako konpromezuak betetzea exijitzen diogu. Bestetik, sindikatu sinatzaileei ere ituna betearazteko gogor lan egin dezaten eskatzen diegu.

ELAn judizialki borrokatzen jarraituko dugu behin-behinean lanean diharduten langileen lan baldintzak langile funtzionarioenekin parekatzeko, kasu honetan guretzat aukera galdua izan zen ituna betearaziz. Eta sortuko den Gobernuari eta gainerako sindikatuei eskua luzatzen diegu inbertsio nahikoa izango duen kalitatezko hezkuntza publikoa bermatzeko itun berri bat negoziatzeko, besteak beste, egun dauden desberdintasun hauek gaindituko dituena.