Nafarroako Kontratu Publikoen Lege proiektuak ez du Administrazioen azpikontratetan diharduten langileen baldintzak hobetzen

2017/09/15
Foru Gobernuak aurreko asteazkenean Kontratu Publiko Foru Lege proiektua onetsi zuen. ELAk Nafar Gobernuak onartutako testuaren balorazio negatiboa egiten du, ez duelako administrazioaren azpikontratetan diharduten langileen baldintzak duintzearen aldeko aurrerapausurik ematen.

2014. urtean ELAk Legegintzako Herri Ekimen bat (LHE/ILP) sustatu zuen, kontratazio-orrietan klausula sozialak sartzeko helburuaz. LHE hark 14.635 sinaduraren sostengua lortu zuen. Ekimen haren ondorioz, eta izapide parlamentarioaren ondoren, Kontratu Publikoen Legea aldatu zen, eta orain indarrean dagoen bezala geratu zen (6/2006 Foru Legea). ELAren ekimenari esker, administrazio publikoetako azpikontratetan diharduten langileen baldintzak hobetu ziren, legean sartu ziren aldaketa hauen bidez: subrogazioa nahitaezkoa izatea zerbitzu-lagapenetan, sektore-hitzarmena nahitaez bete beharrekoa izatea, diru-eskaintza nahikoa izatea lan-kostuak egiteko, eta zehapenak ezartzea ez-betetze kasuetarako.

ELAren LHEk asistentzi-kontratuentzako subrogazioa ere eskatzen zuen, baina klausula hori Parlamentuaren ibilbidean desagertu egin zen.

ELAk legealdiaren hasieratik Nafar Gobernuari behin eta berriro eskatu dio Kontratu Publikoen Lege proiektua aurkeztea, eta batez ere subrogazioaren gizarte-kalusula nahitaez sar zezala kontratazio publikoko baldintza-orri guztietan, baina Gobernuak onartutako testuan ez ditu ELAk proposatutako klausulak sartu. Gauzak horrela, inolako babesik gabe geratzen dira lorezaintzaren, ambulantzien, segurtasunaren, garbiketen, hondakinen bilketaren, errepideen mantenimenduaren eta abarretako langileak.

2017ko ekainean ELAren eta LABen Kontratu Publikoen Legerari ekarpenak aurkeztu genituen. Agerraldi horretan iragarri genuen moduan hurrengo egunetan bilera egiteko eskatuko diegu parlamentu-talde guztiei, legea izapidetzerakoan aipaturiko klausula sozialak azkenengo testuan sartzeko. Baita ere Gainerako sindikatuekin bilduko gara, administrazioek azpikontrataturiko enpresetan mobilizazio-dinamika bat bultzatzeko, eta langile azpikontratatuei lan-baldintza duinak bermatzen dizkieten klausula sozialak sartzea lortzeko.