Nafarroako Parlamentuko zaintza urria dela salatzen du ELAk

2018/10/25
ELA-Foruzaingoa atal sindikaletik Nafarroako Parlamentuaren zaintza urria salatu nahi dugu; zehazki, gaueko txanda eta igande edo jai egunetako zenbait txanda dira gure salaketaren jo-puntua. Txanda horietan horretarako dagoen giza baliabide bakarra polizia bat baino ez da, eta dotazio hori arras urria da bai eraikinaren segurtasuna bermatzeko, baita han daudenei segurtasuna bermatzeko ere; izan ere, behar izatekotan, ezin dute jaso ezta gutxieneko laguntza ere.

Egoera horren jatorrian Barne Sailak aurreko urteko bukaera aldera ezarri zituen `optimizazio neurriak´ daude. Orduan kendu zen Parlamentuko poliziek gauez egiten zuten zerbitzu aldia, eta baita igande eta jaiegunetakoa ere. Neurri andana hura mendekuz hartua izan zen, batez ere, Nafarroako Polizia Legeak Parlamentuan jaso zuen ezezkoagatik, eta ez, erran bezala, baliabideak optimizatzeagatik. Eta ondorioz, zerbitzu aldi eta lantalde batzuk kendu ziren, eta foruzainen ordez segurtasun-zaintzaileak jarri ziren Belosoko komisaldegian. ELAk neurri horiek baztertzen ditu berriz ere, zerbitzu publikoen kontura enpresa pribatuen aldekoak direlakoan, eta UPNren gobernuen garaiko praktikak berriz piztu dituztelakoan.

Aldiz, bi, hiru eta zenbaitetan patruila gehiago bidaltzen dira Iruñako hirigunea zaintzera, nahiz eta ardura hori Udaltzaingoarena izan (eta behar izatekotan Polizia Nazionalari deitzen dio). Hor, argi eta garbi, zerbitzuaren bikoiztasuna gertatzen da; eta beraz, dauden baliabideak gaizki erabiltzen dira, beharrezkoagoak diren tokietan erabili beharko baitziren. Hori al da optimizatzea?

ELA-Foruzaingoak oraingo honetan salatu duen gertaera horren arrazoia Parlamentuko zaintza-zerbitzuaren planteamendu txarra da, eta eskuragarri diren giza baliabideen kudeaketa ezin okerragoa. Iruñan zerbitzua bikoiztearen aukera egin dute, hirigunean ikusgai izateko, Parlamentuko zaintza eta bertzelako zerbitzuak bertan behera utziz.