ELAk salatzen du Siemens Gamesak kaleratzeak egin dituela kontratatu duen bitartean

2018/03/13
Ordezkariak ez dute irteera boluntarioen EREa sinatu lan bermea ez zegoelako

Siemens Gamesak gezurrezko arrazoiak eman ditu irteera-plana zuritzeko. Benetako arrazoia finantza-ingeniaritzaren ariketa bat izan da, merkatuak pozik uzteko, eta kontratazio eta azpikontratazio anitzez merkeagoak egiteko. Horregatik 2 puntu salatu nahi ditugu jendearen aitzinean:

 

1. Siemens Gamesak, estatu-esparruan ehunka kaleratze gauzatzen zituen bitartean, kontratazio berrien plangintza egiten zuen, kaleraturiko langileen antzeko profilekin. Adibideak:

  • Pertsonalaren barne-kontratazioak egin dira.

  • Azpikontratazio ugariak egiten dira baldintza prekarioetan, azpikontratak berak saturatu arte.

  • Zenbait departamenturen helburu gisa ehundik gora kontratazio egitea jarri da, 2018ko irailera arte.

  • Gaur-gaurkoz ehun postu huts baino gehiago dago, horietatik %80 barne-horniduraren bidez betetzeko.

  • Giza Baliabideen Atalak jakinarazi zien zuzendaritzei itxaron behar zutela espedientea itxi arte, kontratazio berri gehienak bideratu eta zehaztu ahal izateko. Eta aste honetan bertan bidea libre utzi diete, eta laneratzeak hasi dira.

 

2. Xurgatzearen ondotik lan-antolamenduaren kudeaketa oso eskasa izan da, eta batere informaziorik gabea:

  • Siemens Gamesako Zuzendaritzaren ardura ia bakarra urtebetez zuzendari-postuak betetzea izan da, gainerako pertsonalaren lan-kargez inolaz arduratu gabe.

  • Gaur egungo lan-kargak ez daude batere orekan, eta lehengo Siemens-eko lankideen aldean, guk jasan behar dugu pisurik handiena. Izan ere, gutariko bakoitzak egiten dituen zereginak, lehengo Siemens-eko 3 edo 4 lankidek egiten dituzten adinakoak dira.

  • Espediente honen negoziazioan zehar salatu izan dugunez, plantilla estu-estu harturik dago, eta lan-kargak xurgapenaren ondotik handituz doaz. Hori agerian geratu da negozio-planean aurreikusitako Mw-en igoeran.

  • Lan-antolamenduaren aldetik ez da batere lagungarria enpleguan gutxienezko egonkortasun bat ez bermatzea, ezta soldatak murrizten jarraitzea ere, aldakorraren kasuan bezala. Era berean, ez da neurririk hartu soldata-alde izugarriak berdinduz joateko. Lehengo Siemens-eko lankideek 2,5 eta 3 aldiz gehiago kobratzen dute, guk baino.