Osasunbideako Zuzendaritzak langileak bereizten ditu: 1. mailakoak eta 2.ekoak

2019/11/19
ELAk ez du bere egin Sindicato Medicoaren greba, kalitatezko osasun publikoaren aldekoa izan beharrean, interes korporatiboen aldekoa delakoan.

ELAk ez du bat egin Sindicato Medicoaren grebarekin, eskakizunak interes korporatiboen ondoriozkoak baitira. Greba beharrezko tresna da, eta langile nafarrok ziur aski lan-baldintza hobeak izanen genituzke, greba gehiago eginen balira. Nafarroako medikuek arrazoi sobera dute mobilizatzeko: aldi baterako kontratuak, soldata-galerak, pertsonalaren eskasia, oporretan ordezkorik ez... Hala ere, ELAk ez ditu bere egiten Sindicato Medicoaren eskakizun batzuk, bertzeak bertze, autokontratazioa, erretiro-adinaren malgutasuna eta esklusibotasun-osagarria (jaso bai, baina betetzeko beharrik izan gabe). Halaber, ELAk Sindicato Medicoaren bertze eskakizun hau ere oroitarazi nahi du: euskararen betekizuna kentzea. Greba honen helburua ez da osasun publikoaren alde egitea; eta horren froga garbia UPN eta PSNren legealdian dugu, orduan Osasunbideak inoiz ez bezalako murrizketak izan zituen: sukaldeak pribatizatzea, soldatak jaistea, birjarpen-tasak mugatzea... Eta lau urte haietan murrizketen aurkako mobilizazio ugari antolatu baziren ere, Sindicato Medicoak ez zuen behin ere parte hartu. Agidanez, orduko arrazoiak ez ziren nahikoak izan kalera irteteko.

Testuinguru horretan ELAk kezketan ikusi du Osasunbideako Zuzendaritzak lehen mailako eta bigarren mailako langileen artean bereizten dituela, zeren Sindicato Medicoari egiten dizkion proposamenen artean plazen %100 ateratzearena baitago, eta gainerako langileei, ordea, hori bera ukatu die, estatuak "ezarritako" birjarpen-tasa argudioarenpean. Orobat, Osasunbideak kontratuak %100ekoak izatea bermatu die, eta gainerako langile-kidegoetan, aldiz, lanaldi partziala gero eta hedatuago dago. Azkenik, Osasunbideak lanbide-karrera A eta B mailetako behin-behineko pertsonalari hedatzea proposatu du, eta eskakizun hori bera ukatu die gainerako langile-kidegoei, bertze autonomia-erkidego batzuetan hori eskuarki onarturik badago ere.

ELA osasun-sistema publiko baten alde agertzen da berriro, beti ere langile-kidego guztien eskakizunak aintzat hartuz (medikoak, erizainak, TCAEak, zeladoreak...), eta ez bakarrik interes korporatiboak begiratuz. Osasun-zerbitzua ematen duten lantaldeak hainbat kategoriaren profesionalez osaturik daude; eta arretaren kalitatea hobetu nahi bada, denen lan-baldintzak hobetu behar dira derrigorrez. Arazoa ez da medikuena soilik, osasun-zerbitzu osoarena baizik.