ELAk San Adriango INTERMALTAren hitzarmena sinatu du

2019/07/16
Hitzarmenak dakartzan hobekuntzen artean hauexek: KPIren gaineko 3,5 puntuko igoerak, 16 orduko lanaldi-murrizketa eta bertzelako hobekuntzak plusetan eta gizarte-arloetan.

ELAren ordezkaritzak (3 ordezkaritik 3) eta enpresaren zuzendaritzak akordio bat lortu zuten hitzarmenerako uztailaren 5ean, hiru hilabetez negoziatzen ibili ondoren. Akordioaren indarraldia 2018-2022 izanen da. Eta akordioa greban hasi baino lehentxeago lortu da, deialdia uztailaren 8rako baitzen.

Hitzarmenak, bertzeak bertze, honako hobekuntza hauek ekarri ditu: indarraldiaren aurrera-eragin mugagabea, KPIren gaineko 3,5 puntuko soldata-igoerak (betiko KPIren formula berreskuratuz), eta lanaldia 16 orduz laburtzea (hemendik goiti 1736 ordukoa izanen da). Gainera, plantilla ugalduko da, eta operadoreen eta laguntzaileen taldeak finkatuko dira, bi kidego horietako langileak beti bertan egotea bermatuz, eta lanak bakarrean egiteko arriskua alboratuz. Lan egin beharreko larunbatetan plus berri bat emanen da, gaueko lanaren plusa nabarmen hobetu, eta medikuarengana joateko lizentzia bat sortu, bertze hobekuntza sozialen artean.

Langileen borondate irmoa eta mobilizazioa beharrezkoak izan dira hitzarmenean langileendako eduki onuragarriak sartu ahal izateko, zenbait hilabetetan negoziazioetan ekinaren ekinez aritu arren ezer lortu gabe egon eta gero.

San Adriango lantegiko plantilla 45 langilekoa da, eta langileen ordezkaritza 3 ELAko ordezkarik eramaten dute. Enpresa horrek bertze lantegi batzuk ditu Sevillan eta Albaceten, eta baraietan garagardorako malta ekoizten da.