ELAk San Andrés Papertegiko lan-istripu larria salatzen du

2020/04/15
Nafarroko Gobernuari eskatzen dio langileen segurtasun baldintzen kontrol estua egin dezala, eta horretarako nahitaezkoa da lantokietako ikuskatzeak berehala areagotzea

Atarrabiako (Nafarroa) Papelera San Andres lantegiko langile batek lan-istripu larria izan du gaur goizaldean, aurrez gordetako hainbat paper-fardelen azpian harrapatuta geratu baita. Lehenik eta behin, ELAk bere haserrea agertu nahi du lan-istripu berri honen aurrean eta babesa eta elkartasuna adierazi biktimari eta haren senideei, bai eta enpresako langile guztiei ere.

ELAk gogorarazi du Nafarroako ezbehar-tasek argi erakusten dutela egoera larria dela, azken urteetako daturik txarrenak eta 2012az geroztik etengabe gora egin duela. 2008ko krisiaren ondoren hartutako neurrien emaitza da hori; izan ere, azken urteotan, patronalak bere onura ekonomikoa lehenesten utzi du, plantillen osasunaren eta segurtasunaren kaltetan.

Horren aurrean, ELAk behin eta berriz eskatu izan du NOPLOI eta Lan Ikuskaritzaren bitartekoak handitzeko, Europar Batasuneko batez bestekoarekin parekatzeko, eta horrek esan nahi du 50 pertsona gehiago sartu behar direla. Tamalez, orain arte Nafarroako Gobernuak ez du neurri hori hartu, beti enpresetan esku-hartze zorrotza saihestuz eta kasurik onenean neurri epel eta eskasak hartuz.

COVID-19aren egungo osasun-krisian agerian geratu da Nafarroako Gobernuaren eta patronalaren jarrerak bat datozela (funtsezkoak ez diren jarduerak geldiaraztearen aurkako jarrera, Ostegun Santuan merkataritza irekitzearen defentsa…) Egoera horretan, ELAk Gobernuari eskatzen dio lehentasuna eman diezaiola langileen osasunari eta segurtasunari, eta premiaz areagotu ditzala Nafarroako lantokiak ikuskatzera bideratutako bitartekoak.