ELAk San Jose Zentroko langileen segurtasun eza eta pertsonen autonomia eta garapenerako Nafarroako Agentziaren plangintza eskasa salatzen du

2018/11/08
ELAk San Jose Zentroko langileen segurtasun eza eta pertsonen autonomia eta garapenerako Nafarroako Agentziaren plangintza eskasa salatzen du
San Jose Zentroan erasoak etengabeak dira, eta Pertsonen Autonomia eta Garapenerako Nafarroako Agentziak (PAGNA/ANADP) eta Zentroko Zuzendaritzak ezikusiarena egiten dute.

Zentroko lan-arloetako batean erasoak etengabeak izan dira hainbat hilabetetan, eta langileak estresak jota daude. Horren aitzinean Agentziako eta Zentroko arduradunek 2018ko urriaren 26ko bileran azaldu zizkiguten Prebentzioko ordezkarioi abian diren edo abiatzear dauden neurriak eta prozedurak. Argi dago langileek ez dute deus jakin beren lantokian segurtasunezko baldintzetan lan egin ahal izateko; eta gainera, ez zaie parte hartzerik eskaini neurriak erabakitzerakoan, ez baita behar bezalako plangintzarik egin.

Prebentzio Zerbitzuak txosten bat igorri digu, non egoera horri aurka egiteko prebentzio-neurriak jaso diren. Zentroko arduradunen eginbeharra da langileen osasuna zaintzea, eta Prebentzio Zerbitzuak proposatu dituen neurriak bezalakoak hartzea, langileek segurtasun- eta osasun-baldintza egokietan jardun dezaten.

Neurri-sorta bat ezarri zen, bertzeak bertze, kanpoko pertsonala kontratatzea eta zentroko profesional nagusietako bat zuzendaritzaren erabakiz zentrotik kanporatzea; baina handik 15 egunera, erasoak, gutxitu beharrean, ugaldu egin dira, eta administraziotik kanpoko pertsonen aurkakoak ere izan dira (kanpoko enpresa). Gaurko egunean pertsonal gehiago dago kalteturik.

ELAk salatzen du, orobat, larrialdi-deiak egiteko sistema ez dabilela, eta langileak babesik gabe daudela eraso larrien aitzinean. Hala gertatu da joan den igandean, azaroak 4, eta harez gero bertze langile bat bajan dago.

Langile horiek larrutik ordaindu behar dituzte ondorio txarrak, giza ezkutuak balira bezala, egoerak gainez egin baitu. Mahai gainean 55 eraso-agiri baino gehiago ditugu, denak atal berekoak, eta pertsona beren ingurukoak.

Erabiltzaile-mota berri bat dago, zentrora nekez moldatzen dena. Non daude pertsonala benetan babesteko neurriak?

Langile horiek estres amaigabea jasan behar dute lantokian. Eta ELAk galdetzen du: Non dago lan-segurtasun eta osasunaren eskubidea?

Horregatik guztiagatik ELAk informazioa eta prestakuntza eskatzen du langile horiendako. Bertzalde, San Jose Zentroko arduradunei eskatzen die 60 eraso-agiri pilatu arte ez itxaroteko, eta langileen osasuna arriskuan jartzen duten faktoreak ebaluatzeko eta sorreratik bertatik ezabatzeko.