ELAk sexu-jazarpenari buruzko ekitaldia egin du Iruñean indarkeria matxistaren aurkako kanpainaren barruan

Elkarretaratzea egin aurretik, ELAk hitzaldi bat eskaini du Lohitzune Zuloagarekin eskutik. “Zure boterea, nire jazarpena” (¡No seas cómplice del acoso machista!)” izan da ELAk hautaturiko aurtengo leloa. Lohitzune Zuloagak sexu-jazarpenaren ezaugarriak azaldu ditu: horren atzean beti dago sexu-eskari bat, botere harremanak probestuz. Kasu gehienetan, emakumeek jasaten dute euren nagusien aldetik, batzuetan prekarizazioaren ondorio bezala, baina baita lanpostu kualifikatuetan daudenei ere eragiten die. Beste motatako jazarpena da sexu arrazoiengatik jasotzen dena, sexu-eskaririk gabe baina bai diskriminazioaren bidez, beti ere emakumea izateagatik (bilera garrantzitsuetara ez gonbidatzea, bigarren mailako eginkizunak agintzea emakumea izateagatik eta abar).
Bestalde, Jone Bengoetxeak (ELAko genero atalekoa) eta Maria Baldak (ELA Nafarroako arduradun albokoa) sindikatuaren barruko betebeharrak azaldu dituzte: zeintzuk diren gai honekin ELAren kompromisoak, berdintasun planak eta ekiteko protokoloak. Nafarroan ere, emakume langileen borroka agerian dago, Amma zahar-egoitzetan edota Casa de Misericordian, besteak beste.
Iruñeko kontzentrazioan abesturiko bertsoa:
Pi pi pi pi pi pi pi pi pi pi
Sutan laneko guatsapa
Bideo porno pila bat eta
Txiste matxistak bueltaka
Komentario sexistak ere
Noski behar dira aipa
Honek ez dauka graziarikan
Honek ematen du nazka
Entzun ezazu lankide maite
Ez eman gehiago kaka
“Txantxa bat dugu, haserre zaude?”
Egin didazunez galde
Zer sentitzen den esango dizut
Orain suabe-suabe
Emakumeak pertsonak gara
Eta nazkatuta gaude
Matxismo txiki matxismo handi
Ezin da izan debalde
Utzi bakean eta mesedez
Taldetik egizu alde
Azkenaldian denon ahotan
Daukagunez “La manada”
Mobiletako manadak ere
Aipa gabe ezin laga
Ez dugu zertan jasan beharrik
Eta salatu behar da
Txartel gorria atera zazu
‘Aski degu’ esan jada
Hurrengo biktima agian neu
izango naiz beharbada.