ELAk Silenciosos Falcesen itxieran Nafarroako Gobernuaren pasibotasuna salatu du Parlamentuaren aurrean

2022/10/13
Silenciosos Falceseko langileek elkarretaratzea egin dute enpresaren itxieran jarrera pasiboa izaten ari den Nafarroako Gobernuari EH Bilduk egindako galdera parlamentario bat dela eta.

Silenciosos Falces enpresak apirilean itxi egingo zuela iragarri zuen, eta gaur langileek elkarretaratzea egin dute Parlamentuaren aurrean Laura Aznalek osoko bilkuran egindako galdera bat dela eta. Zehazki, “zer urrats eman ditu Nafarroako Gobernuak eta zer aukera aztertu ditu Silencioso Falceseko enpleguari eusteko?”.

Silenciosos Falcesek Faurecia enpresarentzat egin izan du bere produkzio gehiena. Azken honek lan karga badu ere, apirilean Faltzesko lantegiarekin kontratua desegingo zuela iragarri zuen. ELAk, harrezkero, Nafarroako Gobernuari eskatu dio behar diren kudeaketak egin ditzala plantaren jarraipena bermatzeko. Hala ere, Industria Departamentuaren ekintzarik ezak enpresa bideragarri bat ixtea eta eskualde bat desindustrializatzea ekar dezake.