ELAk, STEILASek, ESK-k eta ATPTN-k Nafarroako parlamentarioei eskatu diete ez babestea enplegu publikoa egonkortzeko Gobernuaren lege dekretua

2022/06/07
Ekainaren 9an, Nafarroako Parlamentuak enplegu publikoa egonkortzeko lege dekretua bozkatu aurretik, ELA, STEILAS, ESK eta ATPTN (Nafarroako aldi baterako langile publikoen batzarra) sindikatuek elkarretaratzea egin dute Iruñean, talde parlamentarioei eskatzeko ez dezatela babestu lege-dekretua, behin-behinekotasuna %40tik gora mantenduko duelako. Ildo beretik, Gobernuari salbuespenezko LEPak exijitu dizkiote, administrazioaren behin-behinekotasuna erabat jaitsi dadin. Azpimarratu dute beharrezkoa dela araudi bat enplegu publikoaren prekarizazioarekin amaitzeko eta benetako kontsolidazioa lortzeko. Ziurtatu dute posible dela behin-behinekotasuna %8ra jaistea autogobernua baliatuz eta sindikatuen aldarrikapenak jasoz. Hala, talde parlamentarioei eskatu diete ez dezatela babestu behin-behinekotasuna %40tik gora mantenduko duen lege-dekretua.

Sindikatuek gogorarazi dute Estatuan 2021eko abenduan onartutako legeak Europatik datorren agindua jasotzen duela: administrazioetan behin-behinekotasuna %8ra murriztea. Hala ere, Nafarroako Gobernuak eskaintzen dituen 3.588 plazekin Administrazioak %40tik gorako behin-behinekotasuna izaten jarraituko luke.