ELAk Toki Administrazioko langile publikoak kontsolidatzea eskatu du

Nafarroako geografia osoko Toki Administrazioko ELAko ordezkariek, gaurko kontzentrazioan udalei eskatu diete plantillak kontsolidatzeko negoziazioak has ditzatela.
Udalen enplegu-egoera kezkagarria da. Herritarrei ematen zaizkien zerbitzuak sistematikoki azpikontratatzeaz gain, udalek zuzenean kontratatuak dituzten langileek aldi baterako kontratuak dituzte kasuen % 40 baino gehiagotan. Langile horietako asko egiturazko lanpostuak betetzen ari dira, eta iruzurrezko behin-behineko kontratua dute.
Azken urteotan, ELAk behin eta berriz eskatu die administrazioei egoera hori konpontzeko prozesu bermatzaileak egitea, aldi baterakoen enplegua desagerrarazteko.
Gainera, 2021eko abenduan 20/21 Legea onartu zen, LEP ezohiko prozesuak egiteko aukera ematen duena. Ondorioz, urteetan estalita dauden plazak (2017/12/31 baino lehenagotik) oposizio-lehiaketara edo merezimendu-lehiaketara atera daitezke, estalita egon diren urteen arabera. Lege honek ez ditu ELAren aldarrikapen guztiak jasotzen, baina, gutxienez, erreposizio-tasak dakarren muga gainditzeko aukera ematen du. Tasa hori parapeto gisa erabili dute azken urteotan administrazioek, beharrezko ziren LEPak ez konbokatzeko .
Udalek lege-estaldura osoa dute orain plantillak kontsolidatzeko, eta lan-eskaintza publikoa 2022/06/01a baino lehen onartu behar dute, 20/21 Legeak ezartzen duen bezala. Hala egiten ez badute, argi erakutsiko dute udalek langileak behin-behinekotasunak dakarren prekarietatean mantentzea nahiago dutela.
ELAk eskatu du udalek beren gain har ditzatela dagozkien betebeharrak eta konpromisoak, eta, ondorioz, negoziazio-mahaiak ireki ditzatela sindikatuekin, aldi baterako zerbitzuak ematen ari diren langileak kontsolidatzeko.