INDARKERIA POLIZIALA
ELAk txalotu egin du Nafarroan 12 biktimari egindako lehen aitorpen ofiziala

ELAk maiatzaren 30ean Baluarten egindako ekitaldian parte hartu zuen, poliziaren eta eskuin muturreko indarkeriaren biktimei aitortza eta erreparazio gisa. Biktima horien artean dago Mikel Zabalza, 1985ean hil zuten sindikatuko afiliatua. Lehen urrats horretan, 12 biktimak jaso dute aitorpen ofiziala (19/2019 Foru Legearen babesean), Nafarroako Gobernuak antolatutako ekitaldi batean. Imanol Pascual sindikatuko Nafarroako koordinatzailea bertan egon zen. ELAk ekimena txalotu du, baina gogorarazi du dozenaka biktima daudela aitortzeke, eta lan hori premiazkoa dela eta jarraitu egin behar duela.
Lehen hamabi aitortza horiek hainbat kasuren ondorio dira: 78ko Sanferminak, istiluen aurkako materialaren biktimak, polizia-kargen edo su-armen eta abarren biktimak... Horrez gain, atxiloaldian indarkeria fisikoa eta psikologikoa pairatu zuten pertsonak eta eskuin muturreko taldeen atentatuetan zauritutakoak ere badaude. Hamabi biktimetatik bi emakumeak dira. Hamabi kasu horiek 1969tik 1994ra bitartean izan ziren. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, batzorde horrek lanean jarraitzen du, eta beste 60 espediente aztertzen ari da.