ELAk Nafarroako Parlamentuaren aurrean UGT, CCOO eta Patronalaren finantziazio publikoa berreskuratzea eta fiskalitatea erreformatzeari uko egitea salatu du

ELAk parodia baten bidez salatu du Nafarroako Parlamentuaren aurrean abenduaren 23an PSNk, Geroa Baik, Podemosek eta EH Bilduk 2022ko Aurrekontua aurrera ateratzen dutenean eta zerga-politika eskasa eta bidegabea aldatu gabe jarraitzen denean, enpresen, elite ekonomikoen, lobby erlijiosoen eta CEN, UGT eta CCOOren interesek jarraituko dutela onuradun izaten. Sokatiraren bidez irudikatutako parodiak erakutsi duenez, Gobernuak interes horiek saritzen jarraitzea erabaki du, osasuna eta hezkuntza publikoa indartzearen, aldi baterako enplegu publikoa kontsolidatzearen, Errenta Bermatua indartzearen, azpikontratazioak iraultzearen edo zaintzarako sistema publiko eta doakoa sortzearen alde egin beharrean.
2022an panorama beltza izango da langile klasearentzat. Gizarte-premiei erantzuten ez dien aurrekontu bat onartuko da, zorrak eta itzaleko bidesariak mugatutakoa (guztizkoaren % 12 hartzen dute), Europako funtsak jasotzen dituena pentsioen murrizketen eta lan-erreforma bat egiteko baldintzapean, eta UGT, CCOO eta CENen funts publikoen bidezko finantzaketa berreskuratzen da (Miguel Sanzen eta Yolanda Barcinaren garaietatik ez zen horrelakorik gertatzen).
Bestalde, errenta altuek eta enpresek ekarpen handiagoa egiteko erreforma fiskala egiteari uko egiteak murrizketa sozial berriak aplikatzea ekarriko du azkenean. Nafarroak fiskalitate eskasa (27-EBko batez bestekoarekin alderatuta 2.300 milioi euro baino gehiagoko defizita du presio fiskalean) eta bidegabea du, non diru-bilketaren zama lan-errenten gainean ezartzen den. 2007tik enpresek % 56,1 gutxiago ordaintzen dute Sozietateen gaineko Zergan, eta laneko errentek % 61,6 gehiago PFEZn. 2007ko Sozietateen gaineko Zergaren bilketa berreskuratuta bakarrik, urtean 400 milioi euro gehiago bilduko lirateke.
ELA kezkatuta agertu da UPN atera zenetik sei urte igaro direnean politika fiskal berberek eta azpiegitura handien aldeko apustuak jarraitzen dutelako, eta horri legegintzaldi honetan euskararen aurkako erasoak eta UGT, CCOO eta CENen finantziazio publikoa berreskuratzea gehitu behar zaizkio. Eta hori guztia gertatzen ari da ezkerreko oposizio instituzionalik izan gabe.