ELAk UPNri gogorarazi dio autogobernua defendatzeko lan erreformaren aurka bozkatu behar duela Kongresuan

2022/01/20
Gobernuak, CEOEk, CCOOk eta UGTk hitzartutako lege-dekretuak Estatuko hitzarmenak lehenesten ditu probintziakoen gainetik, eta horrek lan-baldintzak okertzen ditu Nafarroan

ELAk UPNri gogorarazi dio Nafarroan autogobernuaren defentsak eskumen propioak defendatzea eskatzen duela, eta horregatik alderdi erregionalistak ezin duela Kongresuan lan-erreforma onartzen lagundu. Zehazki, Sanchezen Gobernuak, CEOEk, CCOOk eta UGTk adostutako testuak Madrilen sinatutako hitzarmenak lehenesten ditu nafarren gainetik, eta horrek autogobernuaren eta foru-autonomiaren defentsa erabat urratzen du.

Negoziazio kolektiboaren estatalizazioa Zapateroren 2010eko lan-erreformak egin zuen, eta Nafarroako lan-baldintzak zuzenean okertzea ekarri du, Estatuko hitzarmenek Nafarroakoek baino baldintza okerragoak baitituzte. Horren adibide da landare-kontserben sektorea, UGTk eta CCOOk sinatutako estatuko hitzarmenak espresuki debekatzen baitu Nafarroako hitzarmen bat negoziatzea. Era berean, Nafarroako zahar-egoitzetako langileek greba egin zuten urtarrilaren 13an, estatuko hitzarmena aplikatzeari uzteko eta sektoreko lehen hitzarmen nafarra lortzeko. Eta antzeko kasuak daude beste sektore batzuetan ere.

UPNk Kongresuan lan-erreformari babesa ematen badio, berriro ere agerian geratuko litzateke autogobernuarekin konpromisorik eza eta Nafarroan lan-harremanen esparru propioa errespetatu eta defendatzeari uko egin dituela. Gainera, PSOE, Unidas Podemos, UGT, CCOO eta CEOEren arteko akordioak Rajoyren erreformaren elementu kaltegarrienei eusten die (kaleratzea merkatzea, EEEen kontrol administratiboa ezabatzea, hitzarmenak ez aplikatzea, tramitazioko soldatak kentzea), eta negoziazio kolektiboaren estatalizazioa betikotzen du. Gogoratu behar da 2012an UPNk Rajoyren lan-erreformaren alde bozkatu zuela. Bestalde, UPNk lege-dekretuaren onarpena erraztea baloratzeak gogoeta eragin beharko lieke Podemos bezalako alderdiei edo UGT eta CCOO bezalako sindikatuei lortu duten akordio kaskarrari buruz.

Gauzak horrela, ELAk lege-dekretuaren aurka bozkatzeko eskatu die alderdi politikoei, hori baita Rajoyren eta Zapateroren lan-erreformak indargabetzeko aukerari eusteko aukera bakarra. Azkenik, ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde eta Hiru sindikatuek deitutako manifestazioan parte hartzeko deia egin die ELAk Nafarroako langileei. Manifestazioa urtarrilaren 30ean, igandea, 12: 00etan abiatuko da, Iruñeko autobus geltoki zaharretik.