ELAk uste du Nafarroako Klima Aldaketaren Legea ez dela behar bezain anbiziotsua, eta zalantzan jartzen du AHTaren alde egiten duen Gobernuaren ingurumenarekiko konpromisoa

2022/04/21
Legeak sartutako aurrerapenak ez dira nahikoak egungo hazkunde-eredu jasanezinari aurre egiteko. Legeak ez du jasotzen klima-aldaketari aurre egiten laguntzen duen neurri fiskal zehatzik.

ELAk uste du Nafarroako Parlamentuan aho batez onartutako Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko Foru Legeak ez duela balio klima-aldaketak sortzen duen eredua aldatzeko, ezta eragingo dituen kalteei aurre egiteko ere. Ez da nahikoa izango gizarteak eta planetak behar duten trantsizio ekologikoa gauzatzeko.

Foru lege honek baditu aurrerapen batzuk, baina ez dira nahikoak: emisioak murrizteko helburuak eta horien nahitaezkotasuna aipatzen dira, baina ez da neurri zehatzik ezartzen; tokiko parte-hartzea duten berriztagarriak sortzea sustatzen da, baina ez da inolako irtenbiderik zehazten parke eoliko eta fotovoltaiko handien instalazioari aurre egiteko; eta Klima Aldaketarako Herritarren Batzarra sortzen da, baina izaera aholku-emailea baino ez zaio ematen.

Era berean, legeak ez du aldaketarik planteatzen neurrigabeko hazkundean oinarritutako eredu jasanezinean eta planetaren mugak kontuan hartu gabe egiten diren politiketan, hala nola AHT, Aroztegia Jauregia, Nafarroako Ubidea, makrogranjak edo Muga Meategiak. Klima-aldaketa eragiten duten berotegi-efektuko gasak murrizteko helburu eta ekintzen betebeharrik ere ez du ezartzen.

Ingurumen fiskalitateari edo fiskalitate berdeari dagokionez, propagandatik harago, konpromiso bakarra dago: Nafarroako Gobernuak lege-proiektu bat edo gehiago aurkeztu behar ditu 2 urteko epean, proiektu horiek jaso behar dituzten neurriak zehaztu gabe.

Horregatik guztiagatik, ELAk deitoratu du Foru Lege honek ez duela lagunduko klima-aldaketa geldiarazten, baina lagundu egiten duela Nafarroako Gobernuaren ingurumen-ekintza jasanezina makillatzen. Greenwashing hutsa.

Trantsizio ekologikorako sindikatuaren proposamenen artean, ekonomia birkokatzea eta gehien kutsatzen duten sektoreak eraldatzea nabarmentzen dira, baita trantsizio energetiko justu bat ere, gizarteak eta planetak behar dutena. Badago alternatibarik guk dugun garapen bidegabearen eredua aldatzeko.

Irakurri txostena