ELAk Uvesako segurtasun baldintzak zorrotz kontrolatzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuko Osasun Sailari

ELAk 8 ordezkari ditu batzordean, eta onartezintzat jo du komunikabideen bidez Uvesa geldiarazteko eta jarduera berriz hasteko akordioen berri izatea. Sindikatuak azaldu duenez, segurtasun distantziarik ez egotea eta emandako pilaketak enpresak uztailaren amaieran ezarritako antolaketa aldaketaren ondorio dira, gaur egun judizializatuta dagoena. Era berean, ELAk ohartarazi du kasu positibo gehienak Randstad Outsourcing enpresako langileen artean gertatzen direla, lan-baldintza kaskarrenak dituztenen artean, hain zuzen.
Gaurko bileran, birusa ez zabaltzeko eta infekzio-kasuak garaiz detektatzeko enpresaren prebentzio-kudeaketa desastrea izan dela egiaztatu da berriro. Halaber, zalantzan jarri da prebentzio-zerbitzuak iragan asteburuan langileei egindako proba serologikoen eta kontaktu estuen kudeaketan egindako lana. Zentzu horretan, prebentzio zerbitzuak enpresari Covid-19 eremu seguruko zigilua eman eta egun gutxira egindako baheketa azterketan 200 positibo eman izana eskaldalagarria dela gogorarazi du ELAk.
Enpresaren aurkako balizko zigorren inguruan galdetu dio ELAk Osasuneko zuzendari nagusiari, eta honek aukera hori baztertu egin du momentuz. Hori oinarri hartuta, ELAk berretsi du kontraesan handia dela koronabirusaren aurkako babes-neurriak betetzen ez dituzten enpresen aurrean zigor neurririk ez egotea, eta aldi berean partikularrei konfinamendu-neurriak ez betetzeagatik eta maskarak ez erabiltzeagatik milaka zehapen-espediente irekitzea.
Azkenik, ELAk berretsi egin du Nafarroako Gobernuarekin hitz egiteko eta adosteko borondatea, Uvesa bezalako kasuak errepika ez daitezen; horretarako, beharrezkoa da esku-hartze publikoa areagotzea Nafarroako enpresetan, eta ohartarazi du horretara bideratutako ISPLN (28) eta Lan Ikuskaritzako (15) teknikariak ez direla nahikoa Nafarroako 40.000 lantokietan 270.000 langile izatera iristeko.