ELAk Valle del Roncal zentroko gehiegizko lan-karga salatzen du

2018/10/05
ELAk dei egiten die SAR enpresari eta PAGNA/ANADAP agentziari plantilla handitzeko, eta gehiegizko lan-karga arintzeko.

ELAk `Valle del Roncal´ zentroko egoeraren berri eman nahi dio iritzi publikoari; batez ere, zentroko langileek bizi duten egoera prekarioaren berri emateko. Zentro horretan elbarritasunen bat duten pertsonak artatzen dira; gaurko egunean 104 erabiltzaile bizi dira bertan egoiliar moduan, eta bertze 10 gehiago eguneko zentroan. Zentroko langileendako lan-karga gehiegizkoa da, baina SAR enpresak eta PAGNA/ANADAPek (Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentzia) entzungor egiten diete langileen eskariei.

Gehiegizko lan-karga horren arrazoi nagusia langile-kopuru gutxiegia da, bai zaintzaileak, bai zerbitzu orokorretako pertsonala. Plantilla urri horrek nekez eraman dezake lan guztia behar den arretaz eta kalitateaz. Arazo hori larriagotu da, zeren eguneko zentroa San Jose etxera lekualdatzeko asmoa bazen ere, San Jose egoitza egokitzeko lanak geldirik daude.

Bertzalde, Zerbitzu Orokorretan (garbikuntza-atalean batez ere) egoera oso larria da, zentroan bertan garbitu behar diren azalerak handitu dira, baina ez ordea garbitzaileen kopurua. Horri gehitu behar zaio aldi baterako baliaezintasunaren egoeran dauden langileen kopurua, ez baitira gutxi.

"Valle del Roncal" zentroa Nafarroako Gobernuaren menpeko zentro publikoa da, baina kudeaketa pribatukoa. Horregatik ELA sindikatuak zenbait txosten helarazi dio PAGNA/ANADAPi, zentroko egoera larriaren xehetasunak jakitera emanez, baina Administrazioak ez du neurririk hartu. Bertzalde, SAR enpresak ere badaki egoera horren berri; baina, arazoei heldu beharrean, ezikusiarena egiten du, eta aitzaikia moduan dio bilerak egiten dituela PAGNA/ANADAPekin, eta dauden arazoak jakinarazten dizkiola.

Horregatik guztiagatik ELAk dei egiten die SAR enpresari eta PAGNA/ANADAPi plantilla handitzeko, eta pertsonalaren eskasiagatik dagoen gehiegizko lan-karga arintzeko.