ELAk Villatuerta-ko Ega Pan enpresak planteatutako soldata jaitsiera errefusatu du

2020/06/26
ELAk salatu du ez dagoela Bideragarritasun Planik etorkizunerako, eta enpresak langileen soldatatik abiatuta finantzaketa lortu nahi duela

Ogia, pastak eta gainerako elikagaien eratorriak egiten eta merkaturatzen ditu EGA PAN enpresak, eta 38 langile ditu. Ekainean, enpresak %15eko soldata-jaitsiera proposatu du, Nafarroako okindegien Hitzarmen Kolektiboa ez aplikatzearen bitartez. Hitzarmen kolektibo hori 2019tik 2022ra bitartean egongo da indarrean. Hauek dira, zehazki, enpresak planteatzen dituen neurriak:

 

 

  • 2021erako eta 2022rako hitzartutako igoerak ez aplikatzea.

  • Soldatak %15 murriztea 2020ko uztailaren 1etik.

  • Aldi baterako ezintasunari buruzko hitzarmenaren 31. artikulua ez aplikatzea, inolako osagarririk ez osatzeko.

  • San Honorato-ko ordainsaria bertan behera uztea 2021 eta 2022. urtean.

 

Zoritxarrez, egoera hau ez da berria langileentzat. 2013az geroztik, enpresak soldata-jaitsierak aplikatzen ditu eta sektoreko hitzarmen kolektiboa ez du aplikatzen. Enpresak ez du inoiz proposatu langileen gastuari eustea baino beste neurririk. Harrigarria da, gainera, enpresak egindako planteamendua; izan ere, 2016-2019 urteetan salmenten kopurua oso antzekoa izan da, 3 milioi euro ingurukoa. Hau da, salmentak ez dira jaitsi.

 

Enpresak proposatutako neurriak gastuari eusteko neurriak eta atzerakoiak baino ez dira langileentzat. Enpresak plan bat aurkeztu du, "Laneko Bideragarritasun Plana" izenekoa, baina enpresa bideragarri egiteko duen tresna bakarra Legea ez betetzea da, hau da, Nafarroako Okindegien Hitzarmen Kolektiboa ez betetzea.

 

ELAk enpresak erabilitako prozedura ere salatu du, aipatutako Hitzarmen Kolektiboaren 47. artikulua urratzen duelako. Artikulu horren arabera, kontsultaldi bat ireki behar da, egoera arintzen lagunduko duten neurriak negoziatzeko edo adosteko. Enpresak azkenengo hau ez du bete.

 

Hori guztia dela eta, ELAk soldaten jaitsiera eta enpresak planteatutako gainerako neurriak baztertu ditu, baita enpresak langileen soldatarekin finantzatzen saiatzea ere. ELAk bideragarritasun Plan bat exigitzen du, enpresaren etorkizuna bermatzen duena.