VW Navarran adostutako enplegu-erregulazioko espedienteak azpikontrataturiko 12.000 lagun baztertzen ditu

2018/08/30
Volkswagen Navarrak, UGTk eta CCOOk elkarrekin adostu duten eta konponbide gisa aurkeztu duten enplegu-erregulazioko espedienteak iruzur ekonomiko izugarria ezkutatzen duela salatzen du ELAk. Izan ere, multinazionalaren lantegiko 4.600 lagunek soldataren %100a kobratuko dutela baieztatu badute ere, atzean iruzurra dago: Volkswagenen etekinei eusteko (55,9 milio euro 2017an) diru publikoa erabiliko da, eta Landabengo hornitzaileetan lanean dauden 12.000 lagunen egoera prekarioa betikotzen da.

 

Zentzu honetan, enplegu-erregulazioko espedientearen akordioa iruzur hutsa da, VW Navarraren (eta automozio-sektore osoaren) ekoizpen-sistemaren B aurpegia ezkutatzen duelako. Sistema hori enpresa hornitzaileen sare batean oinarritzen da, eta hauek multinazionalarekiko kontratak enkanteen bidez lortzen dituzte. Horrek lan baldintzen etengabeko murrizketa dakar, ezinbestean, eta gero eta gehiago zabaltzen den prekarizazioak ahalbidetzen dio VW Navarrari euren etekinen handitzea.

Gauzak horrela, 2015tik geroztik, ELAk hornitzaile guztientzat derrigorrezko subrogazioa eta dagozkion hitzarmenak aplikatzea aldarrikatu du -Metaleko hitzarmenean, zein VW-eko enpresa batzordean-, beti ere, enpresa nagusiarekiko berdintasunerako bidean. Prekarizaziorantz doan bilakaera eteteko gutxieneko neurriak dira. Dagoeneko adibide batzuk badira, Logiters eta Seséren arteko azpikontratazioaren prozesua, non ELAk langile guztien subrogazioa lortu zuen (lan baldintzak mantenduz).