ELAk zorra eta itzalpeko bidesaria handitu eta osasunean gastua murrizten duen aurrekontu eskasa baztertzen du

2021/11/02
Aurrekontua defizitari esker egiten bada eta enpresei pribilegio fiskalak mantentzeagatik diru bilketa benetan handituko duen zerga erreformarik ez bada egiten, murrizketak bueltatuko dira

Nafarroako Gobernuak 2022ko Nafarroako Aurrekontuen Aurreproiektua aurkeztu du Ekonomia eta Gizarte Kontseiluan. Etsigarria da Gobernuak gizartearen zati handi bat entzuteko, eta are gutxiago aurrekontu eta zerga politikan parte-hartze sozial eta sindikal zabala bermatzeko duen interes eza, ez dago borondate politikorik. Alde batetik, ez da ematen ez informazio nahikorik ez denborarik Aurrekontuaren Aurreproiektua aztertzeko (2 egun utzi dira), eta, bestetik, prentsan iragarria du zerga-aldaketa batzuk egingo direla, baina ez dira horiek Ekonomia eta Gizarte Kontseilura ekarri ere egin.

Aurrekontuaren Aurreproiektuari dagokionez, 246,9 milioi euro igo da 2021eko behin betiko kreditutik (irailaren 30ean aurreikusten den gastutik) 2022ko Aurreproiektura, 5.273,1 milioi euro guztira. Honako hau kontuan izan behar da:

  • Igoera horren zati handi bat zor publikoaren igoera eta itzalpeko bidesariak ordaintzera bideratuko da (2021ean baino 124,9 milioi gehiago ordainduko dira, 623,6 milioi euro guztira), baita Estatuari egindako ekarpenaren igoera ordaintzera ere (2021ean baino 13 milioi gehiago).
  • Aurrekontuak BPGarekiko duen partaidetza ez da handituko 2021etik 2022ra ( % 23,1ean mantentzen da).
  • Osasun-gastua 1,5 milioi murriztu da (2021eko behin betiko kreditua eta 2022ko aurreproiektua alderatuz), eta BPGaren % 5,8tik % 5,5era jaisten da, eta hezkuntzakoa oso urrun dago dauden premiei aurre egiteko gai izatetik, BPGren % 3,5ekin. Europako osasun-gastuaren batez bestekoa BPGren % 7,1 da, eta % 4,7 hezkuntzan.

Aurrekontu-politikak eta zerga-politikak Gobernuak propagandatik haratago defendatzen dituen interesak islatzen dituzte, hemen ikusten baita norentzat gobernatzen den benetan.

Zentzu horretan, aipatzekoa da, alde batetik, Nafarroako Gobernua Sanzen eta Barcinaren garaiko elkarrizketa sozialeko praktika klientelarretara itzuli dela, ezbearrei benetan aurre egin beharrean Enplegu Planaren sinatzaileentzat Prebentzioko Lurralde Ordezkaria berreskuratuz, eta genero-desberdintasunari aurre egin beharrean, Berdintasun Ordezkaria berreskuratuz, besteak beste. Eta beste aldetik, Gobernuak prentsan behin eta berriz errepikatu du enpresei ez diela zerga-zama igoko, euren pribilegio fiskalak mantenduz.

Aurrekontua defizitari esker egin da, hau da, zorra handituta. Zor publikoa handitzearekin batera diru bilketa handituko duen zerga-erreformarik egiten ez bada, eta, batez ere, enpresei, enpresa-errentei eta kapitalari presio fiskala areagotuko diena, murrizketak itzuliko dira. Bilketa handitzea Nafarroako Gobernuaren esku dago, horretarako borondate politikoa besterik ez da behar.