ELAk zurgintzaren hitzarmena berritu du Nafarroan KPItik goitiko igoerak eta erreformaren aurkako blindajeak sartuz

2019/07/16
ELAk (ordezkaritzaren %45) lehentasunezko aplikazioa eman ahal izan dio, estatu-hitzarmenaren aitzinetik, eta gizarte-hobekuntzak ere lortu ditu. ELAk berriz ere frogatu du bere konpromisoa sektore-negoziazioarekin, baldin eta edukiak onak badira. UGTk eta CCOOek, ordea, bertan behera utzi dituzte sektoreko langileak, ez baitira negoziazio-bileretatik azaldu zenbait hilabetetatik hona.

ELAk Nafarroako zurgintza hitzarmena berritu du KPItik goitiko igoerak eta lan-erreformaren aurkako blindajeak sartuz. Gainera, hitzarmenak lehentasunezko aplikazioa izanen du, estatu-hitzarmen baten aitzinetik, KPIren erreferentzia berreskuratu, eta gizarte-hobekuntza nabariak lortu, bertzeak bertze, errelebo-kontratua, ezkontza-lizentzia bikote egonkorrendako ere bai, 1. mailako senideak medikuarengana eramatea, edo edoskitzaroko lizentzia metatzeko eskubidea.

ELAk, sektore horretako lehen sindikatua izanik eta ordezkaritzaren %45 duela, ongi deritza hitzarmen horren edukiari: 3 urteko indarraldia (2018-2020), lehentasunezko aplikazioa estatu-hitzarmenen aitzinetik, eta soldata-igoerak (2018: %1,75, lehengo urteko Nafarroako KPI+%1,15 / 2019: lehengo urteko Nafarroako KPI+%0,50, gutxienezko eta gehienezko muga hauekin %1,75 eta %2,25, eta KPI bermatuz, handiagoa bada 2019 eta 2020an), gizarte-hobekuntza nabariak, nahitaezko arbitrajearen aukera ezabatu, eta 8 urteko ultraaktibitatea.

ELAren iritziz hauek dira hitzarmenaren alderdi nagusiak:

  • Nafarroako zurgintza hitzarmenak lehentasunezko aplikazioa izanen du, estatu-hitzarmen baten aitzinetik, eta horrela sektoreko estatalizazioa geldiaraziko da.
  • Aplikazio-bermea gordeko du, ezin baita hitzarmena salbuetsi edo arbitrajera eraman, ez bada alderdien arteko adostasunez.
  • Soldata-igoerak KPIren parekoak izanen dira, eros-ahalmenaren galerarik izan gabe.
  • Gizarte-hobekuntza nabariak lortu dira: ezkontza-lizentzia bikote egonkorrei ere onartuko zaie, urtean gehienez 6 orduko lizentzia ordaindua emanen da 1. mailako senideak medikuarengana eramateko, errelebo-kontratua eskuratzeko eskubidea mantendu da (erretiro partziala) aurre-abisuko denbora murriztuz, eta hileko nomina jasotzeko eskubidea onartuko da, eguneko nominaren ordez (hilero diru-kopuru berdina jasotzeko).

ELAren ustez ongi dago zurgintzako langileek sektore-akordio hau ontzat hartzea, baina lantoki bakoitzeko lan-baldintzak hobetu nahi izatekotan, ezinbertzekoa da enpresa-hitzarmenen bidez egitea; zeren, lan-erreformen ondoren, hori baita aplikaziorako segurtasun juridikoa ematen duen bidea. Oraingo hitzarmen hau sinatzean, ELAk berriz ere frogatu du bere konpromisoa sektore-negoziazioarekin, baldin eta edukiak onak badira. UGTk eta CCOOek, ordea, bertan behera utzi dituzte sektoreko langileak, ez baitira negoziazio-bileretatik azaldu zenbait hilabetetatik hona.