Nafarroako Tokiko Administrazioaren Erreformaren ondorioz enplegurik ez suntsitzea eta lan-baldintzak ez okertzea exijitzen du ELAk

2018/07/03
Sindikatuak salatu duenez, toki-administrazioan lan egiten dutenak kontuan hartu gabe gauzatzen ari da prozesua. Gehitu duenez, prozesu hori baliatu beharko litzateke toki-administrazioko "behin-behinekotasun tasa onartezina jaisteko", eta kalitatezko zerbitzu publikoen alde egiteko.

Administrazio Publikoetako Mahai Orokorraren bileran lege-proiektu bat aurkeztu zaie sindikatuei, Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako. Alde horretatik, ELAk salatu du toki-administrazioko langileen bizkar gauzatzen ari dela; eta, hori dela-eta, oraingo egoera informaziorik eta ziurtasunik gabeko egoera dela baieztatu daiteke.

Horregatik, ELAk Nafarroako Gobernuari eta Parlamentuari galdatzen die toki-maparen erreformaren bitartez enplegurik ez suntsitzea; baita lan-baldintzak ez okertzea ere. ELAren iritziz, prozesu hori baliatu beharko genuke toki-administrazioetako enplegua finkatzeko, eta, horrela, behin-behinekotasun tasa txikitzeko. Puntu honetan oroitu beharrekoa da Kontuen Ganberak bere 2016ko txosten batean adierazi zuena toki-administrazioko behin-behinekotasunari buruz (Berriozarren % 52ko tasa zegoen, Tafallan % 59koa, Eguesen % 63koa, Burlatan % 67koa...). Orobat, prozesu horretan aintzat hartu behar den bertze gai bat kalitatezko zerbitzu publikoen aldeko apustua da.

Azkenik, ELAk dei egiten die toki-administrazioetako langile guztiei lanpostuen eta lan-baldintzen alde egin dezaten.