ELAren ustez gerran hildakoen Iruñako oroitarria eraistea frankismoaren milaka biktimarekiko begirunearen adierazlea litzateke
Bertzalde, oroitarriaren eraikuntza-ezaugarriak eta neurriak kontuan hartuz, ELAren irudiko, nekez birmoldatu ahal izanen da bertze erabilera batzuetara, Udalak antolaturiko ideia-lehiaketatik atera litezkeen egitasmoak gorabehera.
Edonola ere, gerran hildakoen oroitarri hori eraiki zutenetik orain arte 66 urte iragan dira, eta denbora horretan zehar jario zaion kutsua izugarria izan da, eta oso erroturik geratu da nafar guztien oroitzapenetan eta bizipenetan; beti ere frankismo, diktadura eta jazarpen politikoarekin halabeharrez lotua. Horregatik, ELArendako, erabaki politikorik zuzenena oroitarria eraistea izanen litzateke. Hala ere, hirigintza- eta administrazio-izapideak bideratu beharko dira ezinbestez. Eta hala Foru Parlamentuak, nola Iruñeko Udalak urrats politiko egokiak egin behar dituzte, eraiste horrek legezko berme guztiak bildu ditzan, eta benetako aukera bat izan dadin.