ELAren ustez Iruñeko Udaleko EPEa urria da

2019/02/19
Sindikatuak salatu duenez Udaleko behin-behinekotasunaren tasa %40tik goitikoa da

Iruñeko Udaleko enpleguaren egoera kezkagarria da oso. Azken datuen arabera behin-behinekotasunaren tasa %40tik goitikoa da. Horregatik urria deritzogu Udalaren enplegu-eskaintzari. Hurrengo deialdiko 135 plazek ez dute konponduko dagoen gabezia handia. Proposamen horrek jarraipena emanen dio lan prekarioari, sindikatutik hainbertzetan salatu duguna.

 

Hori horrela, ELAk galdatzen dio Iruñeko Udalari behin-behineko langileez hornituriko lanpostu guzti-guztiak EPEan eskaintzeko, eta oraingo abaguneaz baliatuz udal-plantilla egonkortzeko. Horrekiko oroitu behar da Kontuen Ganberak, 2016ko txosten batean, ohartarazten zuena toki-administrazioko behin-behinekotasunaren tasa handiez; eta Iruñako Udala da toki-administrazioetan handiena.

 

Azkenik, ELAk Iruñeko Udala premiatzen du udal-plantillaren enplegua egonkortzera, eta indarrean dagoen lan-hitzarmena betetzera, non behin-behinekotasunaren tasa %6ra jaistea helburutzat ezarrita dagoen.