ELArentzat onartezinak dira Barne Departamentuak Foruzaingoan ezarri nahi dituen murrizketak eta pribatizazioak

2017/11/24
Beaumont kontseilariaren proposamena UPNren gobernuen politika beraren ildotik doa: zerbitzu publikoen aurka eta segurtasunaren enpresa pribatuen alde. ELAk dei egiten die Nafarroako Gobernuko alderdi politiko eusleei, neurri horien aurkako jarrera har dezaten.

Barne kontseilariak proposamen bat aurkeztu du aste honetan Belosoko komisaldegian zerbitzuak kentzeko, lantaldeak ezabatzeko, eta foruzainen partez segurtasun pribatuko zaintzaileak jartzeko. Barne Departamentuaren ekimenaren ondorioz, orain arte Foruzaingoaren ardurapean egon diren arlo batzuk Estatuko Segurtasun Indarren menpean jarriko dira, eta neurri hori Nafarroak berezko dituen eskumenen kontra doa.

ELArentzat onartezina da UPNren gobernuen politika beretik orain berriro abiatzea, eta enpresa pribatuei mesede egiteko, zerbitzu publikoei kalte egitea. Horregatik, ELAk dei egiten die Nafarroako Gobernuaren alderdi eusleei, neurri horiei ezetz esateko.

ELA sindikatua oso kritiko agertzen da Beaumont kontseilariarekiko. Izan ere, negoziatzen gaitasun urria izan duen bitartean, murrizketak eta pribatizazioak egiten gaitasun aparta erakutsi du. Lehendabizi, Polizia Legearen negoziazioan egindako porrotak, eta orain pribatizazio-proposamen horrek agerian utzi dute huts egin zuela UPNren sostengatzaile izandakoak Foruzaingoko buru eta Barne zuzendari izendatu zituenean. Gainera, Foruzaingoaren arazo guztien arrazoia 15/2015 Legea dela dioen kontua gezurtatu behar dugu. Hain zabaldurik dagoen kontu hori arras lerratua da, horrela saiatu dira benetako eragileak ezkutatzen, oraingo gaitasun-gabeziak benetan eragin dituztenak 79/2016 FD eta berau onetsi duen Beaumont kontseilaria izan baitira. Dekretu horren bidez 15/2015 Legeari boikota egin nahi zitzaion, polizia-buru anitzen betiko abantailak arriskuan jartzen zituelakoan.

ELAk berriz ere agertzen du prest dagoela sektore-mahaian negoziatzeko, beti ere Foruzaingoak eskumen gehiago har dezan, eta horrekin batera beste polizia-indarrak kopuruz gutxitu daitezen. Negoziatzeko prestasun bera erakutsi genuen azaroaren hasieran, Barne Zuzendaritza Nagusiari eskari bat, CCOO eta UGTrekin batera, aurkeztu genuenean, proba fisikoak gainditzearen konpentsazioa aztertzen hasteko.