Elkarretaratzea epaitegiaren aurrean, Sephorako grebalarien alde
Gaur, 2020ko uztailaren 17an, epaiketa bat egin dute Nafarroako Justizia Jauregian. Sephora enpresaren asmoa da epaile batek legez kanpokotzat jotzea otsailaren 6tik langileak egiten ari diren greba, eta 8.000 euroko kalte-ordaina eskatzea ELA sindikatuari eta langileen bi ordezkariei greba egun bakoitzeko.
Sephora luxuaren sektoreko liderra den LVMH multinazionalaren parte den enpresa bat da, eta 75 markaren jabea: Christian Dior, Louis Vuitton, Bulgari, Moet Chandon, Loewe, Kenzo, DKNY... 2017an 140 milioi euroko fakturazioa izan zuten. Hala ere, lan-baldintzak oso eskasak dira; lanaldi osoko saltzaile baten soldata 912 €-koa da, baina langile gehienek kontratu partzialak dituzte eta astean 6 egunetan lan egin behar dute (igandeetan eta jaiegunetan ere bai). Langileek beraiek esan ohi duten bezala, "1.000 krema saltzen ditugu 900 euroko soldaten truke".
Sindikatuak enpresaren jarrera salatu nahi du; izan ere, gatazka osoan negoziatzeari uko egin dio, eta, hori gutxi balitz, adierazpen askatasunari eraso egin dio, ordezkarietako bat sare sozialetan enpresaz gaizki hitz egin ez dezan ohartaraziz.
Egoera hori salatzeko, ELAko dozenaka ordezkarik elkarretaratzea egin dute Justizia Jauregiaren aurrean, ordezkariak babesteko eta Sephoren jarrera salatzeko.