LAN OSASUNA
Elkarretaratzea azken hiru lan heriotzak salatzeko

Lan-istripuei dagokienez aste beltza igaro ondoren, ELAk elkarretaratzea egin du gaur Iruñean, Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean, azken lan-heriotza horiek salatzeko. Joan den asteartean 51 urteko langile bat hil zen Etxarri-Aranazko Omnia Industrial de Armaduras enpresan, makina batek harrapatuta. Egun bat lehenago, 54 urteko beste langile bat hil zen Zentronikoko Consturcciones Sánchez Martínez enpresan altueratik erorita. Aste honetan, ere, Atarrabiako Totem diskotekako segurtasuneko langile bat hil da bere lanean jasotako kolpe baten ondorioz. Joan den ostiralean, Viscofan enpresako langile bat hil zen Kasedan, lan-istripu ez-traumatiko batean, eta aurreko asteartean, beste langile bat larri zauritu zen, Labrit pilotalekuan mantentze-lanak egiten ari zela altueratik erorita.
ELAk gogorarazi duenez, aurten 47 dira Hego Euskal Herrian lanean bizia galdu duten pertsonak, horietatik 11 Nafarroan, eta gehienak oinarrizko segurtasun-neurriekin erraz saihets zitezkeenak. Enpresetan, laneko arriskuen prebentzioa ez da egiten, edo egiten bada, paperean geratzen da, eta babes-ekipamendu egokirik eta lan-prozedura segururik ez egotea dira horrelako ezbeharren arrazoi nagusietako batzuk, berehalako etekin ekonomikoa plantillen segurtasunaren aurretik jartzen delako.
Egoera horren aurrean, ELAk Nafarroako Gobernuaren arduragabekeria gaitzetsi du, kontrol eta ikuskaritza-bitartekoak handitu beharrean, lan-osasunaren arloko elkarrizketa soziala indartzen duelako. Elkarrizketa sozial hori ez da eraginkorra izan hainbat hamarkadatan, eta parte hartzen duten erakundeen jarduera finantzatzeko erabiltzen da, patronala bera barne, laneko ezbeharren egoera larriaren arduradun nagusia delarik ere.
ELAk berehalako neurriak eskatu ditu lan-heriotza gehiago saihesteko. Horretarako beharrezkoa da Parlamentuak 2018an onartutakoaren arabera, lan-ikuskaritzaren eskumena berreskuratzea eta honen plantilla 50 pertsonara arte indartzea, Europako batez bestekoarekin parekatuz, Nafarroako enpresetan eta lantokietan ematen diren segurtasun-baldintzak behar bezala kontrolatzeko.