Lácteos GOSHUA (Iraizotz)

Enpresak ez du hitzarmena betetzen, estatuko hitzarmena baino soldata apalagoa ordaintzen du eta langileei atzerakin handiak zor dizkie

2024/09/20
ELAk gatazka kolektiboko demanda bat sartu du; LABek xantaiari men egin dio eta CCOO tematuta dago gutxiengoko akordioarekin

LABek, CCOOk eta GOSHUAko Zuzendaritzak hitzartu zuten azken enpresa hitzarmena; hau 2022. urtetik hona Esne-Industriako Estatuko Hitzarmenaren azpitik dago. Horregatik, aurrez irtenbide bat negoziatzen saiatu eta gero ELAk demanda kolektiboa sartu zuen lan arloko auzitegian, egoera legez kanpokoa zela iritzi baitzion, azken lan erreformaren ostean.

ELAren ustez, 2022. urtetik aurrera, enpresak urtean 2.000 euro inguru zor dizkio Lácteos Goshuako langile bakoitzari. Baina zuzendaritzak soilik aitortu du hiru urteetan zehar enplegatu bakoitzarekin 1.500 eta 2.000 euro bitarteko zor duela. Aldea zein da? Bertaratze plusa aintzat hartzea ala ez, urteko soldata kalkulatzerakoan. 2025eko otsailean ebatziko da auzi hori.

Hau horrela, enpresaren zuzendaritzak xantaia egin die Langile Batzordeari (3 ELA, 1 CCOO, 1 LAB) eta langile guztiei, aitortutako zorra ez ordaintzeko.

Bere aldetik, LABek eta CCOOk enpresaren asmoak onartu dituzte, eta ahalik eta neurri antisindikalenetako bat planteatu dute: eraginkortasun mugatuko akordio bat sinatzea gutxiengoan, hau da, euren afiliatuentzako akordio bat soilik, eta ez langile guztientzako. Planteamendu horrek arau demokratiko minimoak ez ditu errespetatzen. Praktika hori ez da hain deigarria CCOOen kasuan, zoritxarrez lehenago ere sinatu izan dituelako akordioak gutxiengoan. Baina LABen kasuan, nahiz eta azkenean atzera egin duen eta ez duela gutxiengoan akordiotik sinatuko esan, kezkagarria da hasiera batean enpresaren gehiengo demokratikoa errespetatzen ez duen akordio bat sinatzeko prest egotea. Orain, LABek enpresaren azken proposamena sinatzearen alde egin du gainera, eta proposamen honek ELAk epaitegira eraman duen eskari kolektiboa kentzea eskatzen du.

ELAk, oraingoan ere, negoziazio kolektiboarekin eta Lácteos Goshuako langile guztien baldintzak hobetzeko duen konpromisoa erakutsi du. Demandan jasotako eskarien helburua hobekuntza kolektibo bat da, enpresako lankide guztien mesederako, ez soilik gutxi batzuentzat.