pentsioak
Erosahalmenaren 9 puntu galdu dituzte Nafarroan 2014tik

Imanol Pascual ELA-Nafarroako koordinatzaileak salatu du erretiro pentsio berrien eros ahalmena %8,9 txikiagotu dela Nafarroan azken 8 urteetan. Gizarte Segurantzaren datuen arabera, 2022ko azaroan erretiro pentsio berriak 1.487 eurokoak izan ziren, batez beste, eta 2014an, 1.476 eurokoak. Hortaz, orain 2014an baino 11 euro gehiago bakarrik jasotzen dute pentsio berriek. Ondorioz, metatutako KPIa % 9,8koa izan denez, pentsioak % 0,9 baino ez dira handitu.
Pascualek azaldu duenez, pentsio berriak gehiegi hazten direla diotenak gezurretan ari dira. Ez da harritzekoa, dioenez, ohikoa baita duela hamarkada batzuetatik hona aplikatzen ari diren murrizketak justifikatzen saiatzea.
ELA-Nafarroako akoordinatzaileakazpimarratu du horren arrazoi nagusia Zapaterok onartu eta CCOOk eta UGTk adostutako pentsioen erreforma dela, 2013an pixkanaka aplikatzen hasi zena. Jakina denez, erreforma horrek 25 urtera handitu zuen pentsioa kalkulatzeko epealdia (aurreko 15en aldean), erretiro aurreratuak murriztu zituen eta erretiro adina 65 urtetik 67ra atzeratu. Erreforma hori indarrean sartu denetik, pentsioen erosteko ahalmena txikiagotzen joan da.
Pascualentzat ez da kasualitatea pentsioak orain, erosteko ahalmenari dagokionez, duela 8 urte baino txikiagoak izatea. Era berean, bereziki eskandalagarria da erretiroa hartzen duten emakumeek batez beste gizonek baino 516 euro gutxiago kobratzea hilean. Pobrezia emakumeek modu larriagoan pairatzen dute. Erretiroa hartzen duten emakumeen hasierako pentsioa 1.177eurokoa baita, eta gizonena, berriz, hilean 1.693 eurokoa.
Pedro Sanchezen gobernuak pentsioa kalkulatzeko kontuan hartzen diren urteak 25 izatetik 30 izatera igarotzeko asmoa du, eta horrek pentsio berriak murriztea ekarriko du. Hori dela eta, ELA lantokietan kontrako kanpaina bat egiten ari da, eta otsailaren 23an, Iruñean, murrizketa berriei aurre egiteko eta soldata eta erosteko ahalmena defendatzeko ekitaldiak egingo ditu. Mobilizazio horretan eta etorkizunean izango diren deialdietan parte hartzeko deia egin du sindikatuak.