Eskolara bueltatzeko orduan Nafarroako Hezkuntza Departamentuak erakutsitako planifikazio eta baliabide falta salatu du ELAk

Ildo beretik, COVID-19agatik bajan dauden irakasleak lehen egunetik ordezkatu behar direla adierazi du sindikatuak. "Gutxienekoa izan beharko luke, are gehiago olatu betean eta orain arteko kutsatze-tasa handienarekin", azpimarratu du. Horrela, ELAk gogorarazi du une honetan 437 direla COVID-19agatik konfinatuta dauden irakasleak. Hala ere, Hezkuntza Departamentuak ez ditu ordezkapen irizpideak arindu, eta ez du ATPren ordezkapenetarako prozedura bera azkartu edo indartu. Ondorioz, irakasleak oso berandu ordezkatzen dira, eta zenbait kasutan, ez dituzte ordezkatzen.
Horri gehitu behar zaio pandemia-egoera honetan, eta eskolen presentzialtasuna bermatzeko, irakasleek eskoletara joaten diren eta konfinatuta dauden ikasleak aldi berean artatu behar dituztela, inolako baliabide gehigarririk gabe. Horrek lan-karga eta estresa areagotzen ditu, eta arreta eta hezkuntzaren kalitatea nabarmen murriztu. Horregatik, ELAk azpimarratu du irtenbide bakarra plantillak indartzea dela, muturreko egoera horri aurre egiteko.
Pandemiaren eragina jasaten ari den hirugarren ikasturtea da, eta Hezkuntza Departamentuak oraindik ez die aurre egin hainbat arazori, hala nola konfinamenduak ikaskuntza-prozesuetan duen eraginari, euskararen gaitasunean eragiten ari den kalteari... Arazo horiei guztiei erantzuteko aurreikuspen eta baliabide egokiak behar dira.
Gainera, irakasleek beren ardurapean dituzten pertsonak zaintzeko ordaindutako baimenak izateko aukerak oso mugatuak dira, ia ez daude.
Horren aurrean, ELAk Hezkuntza Departamentuari eskatu dio alde bakarreko kudeaketa alde batera uzteko eta sindikatuekin biltzeko, egoera pandemiko larri hori kudeatzeko beharrezko plangintza eta baliabideak adosteko.