Estreinakoz ELA lehen sindikatua izan da Metalgintza Hitzarmenaren negoziazio-mahaian

2017/12/01
Gaur, abenduak 1, osatu da Metal Hitzarmenaren negoziazio-mahaia, eta ELA da bertan ordezkaritzarik handiena duen sindikatua. Alde horretatik azpimarratu behar dugu ELA sindikatuak izan duen gorakada, zeren 2014an hasitako negoziazioaren aldean 3 puntu baino gehiago hazi baita (%26,86tik %30,32ra).

Estreinakoz ELA lehen sindikatua izan da Metalgintza Hitzarmenaren negoziazio-mahaian.

 Oraingo negoziazioari begira, ELAk hurrengo lehentasun hauek ditu hurrengo metal-hitzarmenean jasotzeko:

· Subrogazioa bermatu behar zaie azpikontratetako langile guztiei. Gero eta gehiago dira jarduerak beste enpresa batzuei azpikontratatzen dizkieten enpresak. Halatan, enpresa nagusiak kontrata galtzen badu, azpikontratetako langileak lanpostua galtzeko arriskuan geratzen dira. Metaleko hurrengo hitzarmenean egonkortasuna eman behar zaie langile-kidego horiei, subrogazioaren bidez.

· Lan-erreformaren eraginik atzerakoienak berdindu behar dira. Alde horretatik hitzarmenean, aurrera-eragin mugagabea ez ezik, bermeak ere jaso behar dira, sinaturikoa benetan beteko dela ziurtatzeko, nahitaezko arbitrajea baztertuz eta hitzarmena salbuestearen aurkako klausulak sartuz.

· Soldatak KPItik goiti igo behar dira, eta soldata-eskala bikoitzak kendu. BPG %3tik goiti ari da hazten, eta soldata-igoerak giltzarria dira sorturiko aberastasun hori egokiro banatzeko. Soldata-igoera horiek soldata errealen gainean egin behar dira (UGTk eta CCOOek patronalekin adostu dituzten azken soldata-igoerak taulen gainean kalkulatu dira, eta ez soldata errealen gainean).

ELArentzat argi dago, helburu horiek guztiak lortu ahal izateko, beharrezkoa izanen dela metal-sektoreko langile guztien engaiamendua. Patronala ez da prest egonen azken lan-erreformen bidez lorturiko abantailei uko egiteko, ez badira behintzat metaleko langileak antolatzen lan-baldintzak hobetzen dituen hitzarmen baten alde.