Gazteen %30 langabezian dago

Kontratuen behin-behinekotasunari erreparatzen badiogu, ikusi dezakegu azken hiruhilekoan kontratu mota hori duten pertsonak 5.500 gehiago izan direla, eta iraupen mugagabekoak ere 5.700 gehiago izan dira. Beraz, behin-behinekotasun-tasa puntu eta erdi igo da, %19ra arte. Esan behar da, emakumeek prekarietate handiagoa pairatzen dutela, behin-behinekotasun-tasa %22ra igo baita. Baita ere azpimarratu behar da sektore publikoko tasak oso altua izaten jarraitzen duela, % 38ra iritsi da dagoeneko.
Emakumeei gehiago eragiten dien beste gai bat nahi gabeko lanaldi partziala da. Lau emakumetik batek ( %26) lanaldi partzialeko kontratua du; gizonen artean, berriz, tasa %7koa da. Hori da emakumeek lan-eremuan jasaten duten diskriminazioaren beste erakusle bat.
Langabeziari dagokionez, 28.500 langabe daude, hau da, 10.800 pertsona gutxiago aurreko hiruhilekoan baino. Horrela, langabezia-tasa %8,8ra jaitsi da ( %9,7 emakumeen artean eta %8 gizonen artean). Aipatzekoa da gazteen egoera prekarioa; izan ere, gazteen langabezia-tasak gora egin du berriro, eta % 29,9ra iritsi da.
Oro har, datu positiboak ditugula ondoriozta dezakegu; hala ere, sortutako enpleguaren zati bat enplegu prekarioaren eta urtaroaren araberakoa izan da. Gainera, adierazi behar da behin-behinekotasuna %20 ingurukoa dela berriro, eta gazteen langabezia-tasak oso altua izaten jarraitzen duela.