Gazteen arteko langabezia %55 igo da Nafarroan azken urtean

Langabeziak hirugarren hilabetez jarraian egin du behera Nafarroan, 1.078 langabe gutxiago zenbatuz abuztuan (-%2,69), guztira 38.970 pertsona izanik SEPEn izena emanda. Urtetik urterako datuei erreparatuta, 2019ko abuztuarekin alderatuta, langabezia %25,4 hazi da, 7.887 langabe gehiago. Nafarroan azken urtean izan den langabeziaren igoera Estatuan izan dena (%24) baino are handiagoa izan da.
Nabarmentzekoa da, halaber, 25 urtetik beherako pertsonen langabeziaren bilakaera; izan ere, %55,2 igo da azken urtean. Honek azken urtean langabezian izena eman duten 5 pertsonatik ia 1 gaztea izatea dakar.
Kontratuei dagokienez, 2020an 183.099 kontratu sinatu dira Nafarroan (iaz baino 76.881 gutxiago). Kontratuen behin-behinekotasunak oso handia izaten jarraitzen du, sinatutako kontratuen %93,2 aldi-baterakoa izanik.