Gero eta zailagoa da Estatuaren Administrazio Orokorreko zerbitzuetara hurbildu eta sartzea

2021/08/16
Estatuko administrazio orokorraren menpe dauden tramite gehienak telematikoki egin behar dira orain; horrek gero eta zailago egiten du biztanleriaren zati handi batek zerbitzu horiek eskuratzea. Kasu askotan, izapide jakin batzuetarako aukera bakarra bide telematikoa da. Honen ondorioz, Administrazioaren digitalizazioak eta langile ezak funtsezko zerbitzuak eskuraezin bihurtu ditu herritar askorentzat. ELAren iritziz, onartezina da oinarrizko zerbitzu hauek aurrez aurre izateko ezintasuna, Covid-19-aren pandemiaren aurretik gertatzen zen bezala.

Administrazioa digitalizatzeko prozesu horren ondorioz, zerbitzu publikoen kalitatea modu larrian apaltzen ari da eta gainera, arrakala digitalak pertsona ahulenengan eragin negatibo handiagoa izaten ari da: adinekoak, migratzaileak, baliabide ekonomiko gutxi duten pertsonak edota gizarte-bazterketako arriskuan daudenak…

Digitalizazio prozesu larri honi langileen baliabide falta nabarmena gehitzen bazaio, horren emaitza da zerbitzuak, diru-sarrerak, prestazioak... eskuratzeko atzerapena. Gogoan izan behar da hainbat tramite administratibo garrantzitsuri buruz ari garela, besteak beste, langabezia-prestazioa, erretiroak edo ezintasunak eskuratzeari buruz.

Bereziki larria da gizarte-segurantzaren egoera, ez baitu aurrez aurreko arreta ematen uzten, eta bide telematikoz bakarrik sar daiteke bertara. Edo SEPE-aren (Estatuko enplegu zerbitzu publikoa) ia kolapso egoera, prestazioa kobratzeko hilabeteetako atzerapena dakarrena. (Adibidez, ekainaren hasieran langabezia eskuratu duten aldizkako langile finkoek ez dute prestazioa irailera edo urrira arte kobratuko).

ELAren iritziz, onartezina da oinarrizko zerbitzu hauek aurrez aurre izateko ezintasuna, Covid-19-aren pandemiaren aurretik gertatzen zen bezala. Edo aurrez aurre egiteko aukera egonda ere, zerbitzu nahikoa eta kalitatezkoa eskaintzeko langile nahikorik ez izatea, eta hitzordu bat lortze hutsa hain konplexua izatea eta hainbeste atzeratzea.

Era berean, horrelako erabakiek zerbitzu horietako langileei ere eragiten dietela salatzen du sindikatuak. Pertsona horiek herritarren aurrean aurpegia eman behar dute eta dauden baliabideekin gero eta lan-karga handiagoa eta onartezina jasan.

Azkenik, ELAk eskatzen du, legedian ezarritakoa betez, Nafarroako Foru Erkidegoak bere gain har ditzala dagozkion eskumenak,eta horrek zerbitzuaren kalitate eta hurbiltasun handiagoa ekar ditzala.