Lan istripuak

Gobernuen eta enpresarien konplizitatea salatzeko bide berria urratuko du ELAk

2023/02/28
Nafarroan, 2022an 20 pertsona hil ziren lanean eta 700 lagun lan gaixotasunengatik. Ikuskari kopurua Europako batez bestekoaren erdia baino txikiagoa da, ordea. LABek Osalan eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan parte hartzea erabakita, bertan behera utzi du lan istripuei eman beharreko erantzun bateratua.

Irakurri datuen txostena

ELA sindikatuak lan osasunean bide berria urratuko du lan istripu eta bestelako lan osasuneko arazoetan gobernuen eta enpresen arteko konplizitatea azaleratzeko. Izan ere, datuek erakusten dute prebentzio neurriek huts egiten dutela ikuskaritza txikiagatik eta inbertsio faltagatik, eta lan heriotzak “merkeegiak” direla enpresarientzat.

%0,01ko aurrekontua, ikuskariak apenas

2022an 20 lan heriotza izan ziren Nafarroan. Lan gaixotasunen ondorioz, bestalde, 700 langile hil dira, nazioarteko erakundeen arabera. Horrek esan nahi du lan heriotza bakoitzeko 35 pertsona hiltzen direla lan gaixotasunengatik. Gainera, horietako asko aitortza ofizialik gabe.

Arduratzekoa ere bada urtero hazten ari direla istripu ez traumatikoak, eta bereziki bihotzekoen kopurua. ELAren ustez, neurri handi batean, arrisku psikosozialen lanketa desegoki baten ondorio dira: prekarizazioak eta enpresariek eragindako presioak eragin zuzena du langileen osasunean.

Bestalde, istripuz hildako asko altueratik eroritako langileak edo makina batek harrapatutakoak izan dira. Urtero-urtero lan heriotza gehien bi kausa horiei lotuta gertatzen dira. Hala ere, ez dago neurri zuzenik langileak arriskuan jartzen dituzten enpresariak zigortzeko.

Egoera hori izanagatik, aurrekontu publikoen %0,01 bideratuko da soilik prebentzio lanetara. Eskandalu hutsa da. Baita Nafarroan dauden ikuskari kopuru murritza ere, Europako batez bestekoaren erdia baino gutxiago: Nafarroan 15 ikuskari daude, eta 40 izan beharko lukete batez besterkora iristeko.

Gobernuen konplizitatea

Langileek lanean osasuna galtzea ez da zori kontua; errudunak eta erantzuleak daude. Enpresariak dira errudunak langileen osasuna ez delako euren lehentasuna, lan baldintzak prekarizatzeko estrategia darabiltelako eta prebentzio neurri egokirik hartzen ez dutelako. Eta gobernuak ere badira erantzuleak, enpresariek eragindako prekarietatea onartzen dutelako eta ez dutelako baliabiderik ezartzen enpresa prekarizatzaileak kontrolatzeko.

Hori dela eta, aurrerantzean ELAk konplizitate hori azpimarratzeko honako leloak erabiliko ditu: “Hiltzera kondenatzen gaituzue. #NafarroakoGobernuaKonplizea. Enpresarien inpunitateari STOP!”

LAB Osalanen eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan

Lan istripuen aurrean gehiengo sindikalaren erantzun bateratua bertan behera geratu da LABek Osalanen eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan parte hartzea erabaki duelako. Hala onartu zuen LABek bere azken Biltzar Nagusian, eta orain gutxi berretsi du organo bietan parte hartzeko erabakia, nahiz eta horrek ELArekin lan osasunean zuen urteetako elkarlana bertan behera uztea dakarren.

Gogora dezagun ELAk eta LABek elkarrekin utzi zituztela Osalan eta Nafarroako Institutua, erakunde horietako parte hartzearekin desados, eta erantzunak koordinatzeko. Zehazki, honako arrazoietan oinarrituta:

  • Erakunde horietan ez direlako gehiengo demokratikoak errespetatzen, eta gutxiengo sindikalaren oniritzia nahikoa delako erabakiak hartzeko.

  • Espainiar estatuko formazio eredu ustela hedatzeko erabiltzen ari direlako. ELA eta LAB kontra egon arren, Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ontzat eman zuten euskal langileen dirua CCOO eta UGTren formazio jarraia finantzatzeko erabiltzea.

  • Ezin da sakoneko aldaketarik eztabaidatu, gobernuek eta patronalak betoa ezartzen dutelako. Erakunde horietan parte hartuz, ontzat ematen dira lan osasunean dagoen gabezia eta ondorio larriak.

Osalan uzteak ELAri urtero 400.000 euro baino gehiagori uko egitea suposatu zion, baina langileen aurkako politikak ontzat ez emateko neurri koherenteena dela uste du sindikatuak kanpo jarduteak. Horregatik, ELArentzat albiste txarra da gehiengo sindikala bertan behera geratu izana lan osasunaren esparruan, eta aurreratzean erakunde horietatik kanpo jarduten jarraitzeko konpromisoa du.