IKEA ETA CARREFOUR

Greba abenduaren 24an, atsedenerako eskubidea aldarrikatzeko

2023/12/21
Bi enpresetako plantillak greba deialdia arrazoi berarengatik egin dute: kontziliaziorako eta atsedenerako eskubidea aldarrikatzea.

Igandeetan eta jaiegunetan irekitzeak azalera handiei baino ez die mesede egiten, merkataritzan lan egiten dutenen lan baldintzen eta kontziliazioaren kaltetan. Kontuan izan behar da merkataritzan lan egiten duten pertsona gehienek urtean 270 egun efektibo baino gehiagotan egiten dutela lan, astean atseden egun bakar bat izanik. Igande eta jaiegunetan irekitzeak plantillen gaineko karga handitzea baino ez dakar.

Enpresa handiek jaiegunetan irekitzeko Nafarroako Gobernuak CENi ematen dion legezko estaldura aprobetxatzen dute. Izan ere, patronala da zenbat igande eta jaiegun irekitzen diren eta zeintzuk erabakitzen duena. Egoera honen aurrean, ELAk grebak deitu ditu abenduaren 24an Iruñeko Ikearen eta Carrefourren dendetan. Jaieguna izateaz gain, aurten igandea ere bada gainera. Bi greba deialdi dira bi enpresa desberdinetan, baina arazo bera dute: kontziliazioa. Hori dela eta, langileek gelditzea erabaki dute kontziliaziorako eta atsedenerako eskubidea aldarrikatzeko.