HEZKUNTZA NAFARROA

Greba beharrezkoa da Hezkuntza Departamentuaren jarrera kontinuistarekin apurtzeko

2023/12/21
Gastua handitu gabe hezkuntzaren kalitatea mantendu nahi izatea, inozokeria izateaz gain, guztiz bidegabea da. Gehiago ez inbertitzeak kostu bat dauka; beti bezala, langile-klaseak bere gain hartzen duen gainkarga.

Aurreko ikasturtean zehar, sindikatu ezberdinek irakasleek helarazten zizkiguten ezinegona eta nekea mobilizazioen bitartez bideratzea erabaki genuen. Soilik bi greba egin ondoren antzeman ahal izan genuen Departamentuaren aldetik negoziazioa hasteko imintzioren bat. Administrazio osorako deitu zen lehenengoa eta hezkuntza publikoan bestea.

Azken honen ondoren soilik lortu genuen Hezkuntza Departamentua mahai negoziatzaile batean esertzea. Zoritxarrez, bertan esan zitzaigun ezin zela hezkuntzara bideratutako gastua handitu, beste behin ere, 2023 urterako onartuta zeuden aurrekontuetan eragitea ezinezkoa zela aitzakia bezala jarriz edo bestela, jadanik agortuta zegoen legegintzaldi batean ginela eta udaberritik udazkenera luzatu den hauteskunde garaia igarotzea itxoin beharra zegoela.

Ikasturte hasiera honetan ordea, mahai gainean jarri genituen aldarrikapenei buruzko negoziazioari heltzeko jarrera hutsaren hurrengoa izan da. Departamentuarentzat mahai sektorialeko bilerak aholkularitza foro bat izaten jarraitzen dute, non eurek aurrera eraman behar duten araudiaren gainean sindikatuok iradokizunak, ekarpenak edo zuzenketak egin ditzakegun, gerora gutxitan, inoiz ez esatearren, haintzat hartzen direnak.

ELAn aurreko ikasturtean hartu genuen borrokarako bidea berpizteko momentua heldu dela uste dugu, grebaren bitartez, Hezkuntza Departamentua indar sindikalokin mahai baten bueltan berriz eser arazteko. Beharrezkoa da gobernu “berri” hau hezkuntzan zenbat diru inbertitzeko prest dagoen jakitea. Aurrekontuen onarpena bidean da dagoeneko eta ezinbestekoa da presio egitea hezkuntzako inbertsioa areagotu dadin, ratioak jeisteko, langileon eros ahalamena berreskuratzeko edota urte batzuetatik honera hezkuntza komunitateko langileek jasan behar duten behin-behinekotasuna zein lan eta burokrazia gainkarga murriztu ahal izateko.

Honenbestez, gure eskubideak hobetzeko benetan eraginkorrak diren presio dinamiketara batzera gonbidatzen ditugu hezkuntza komunitatea eta indar sindikal guztiak, grebaren bitartez. Honela, guretzako ere eraginkorrak diren beste negoziazio foroak berandu baino lehen aktibatzea lortuko genuke eta ez genieke Hezkuntzako arduradunei, beste behin ere, aurrekontu-berme ezaren aitzakia baliatzen utziko merezi dugun egoki ornitutako, kalitatezko eta behar bezala ordaindutako hezkuntza ukatzen utziko.