Greba eta mobilizazioak lan baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea hobetzeko Nafarroako egoitzen hitzarmen baten alde

2022/01/13
ELA, UGT, CCOO eta LAB sindikatuek deituta, Nafarroako zahar-etxeetako langileak greba eta mobilizazio eguna egiten ari dira patronalak blokeatutako Nafarroako hitzarmen sektorial baten alde.

COVID-aren krisiak agerian utzi ditu mendekotasunaren sektorean dauden mugak eta baliabideen falta. Nafarroan, sektore honetan lan egiten duten lau mila eta bostehun (4500) pertsona baino gehiagoren lan-baldintzak lotsagarriak direla agerian geratu da ere.

Langileak funtsezkoak izan gara eta funtsezkoak izaten jarraitzen dugu pandemiaren aurretik eta pandemia sufritzen jarraitzen dugun bitartean. Etorkizunean ere funtsezkoak izaten jarraituko dugu, gure adinekoei eta mendekotasuna duten pertsonei arreta emateko.

Pandemia garaian solidarioak eta arduratsuak izan gara eta gure lanbidearekin konprometituak, beti. Era berean, pozik eta eskertuta gaude hainbeste pertsonen esker ona helarazi digutelako, batez ere hirugarren adineko zerbitzuen erabiltzaileengandik eta haien familietatik.

Orain tinko gaude aitorpen hori benetakoa izan dadin eta gure aldarrikapenak patronalek eta Nafarroako Gobernuak kontuan har ditzaten:

  • Gure lan-baldintzak hobetzea eta duintzea
  • Soldata duinak
  • lanaldi zentzudunak
  • Segurtasun- eta babes-neurri eraginkorrak
  • Ratio egokiak
  • Sistemaren prestakuntza eta profesionalizazioa
  • Aldi baterakotasuna eta kontratu partzialak amaitzea
  • Egonkortasuna eta etorkizuneko bermeak ematea gure lan postuetan
  • Ikuskapenak indartzea
  • “Putre” funtsen partaidetza mugatzea
  • Zentro horien kudeaketa publikoa behingoz exijitzea.

Lan-baldintza duinek soilik ziurtatzen dituzte zerbitzu duinak eta kalitatezkoak.

Maiatzean hasi ziren Nafarroako adinekoentzako zentroen sektoreko lehen hitzarmena hitzartzeko negoziazioak.

ELA, UGT, LAB eta CCOO, sektoreko ordezkaritza handiena duten lau sindikatuek sektoreko langileen lan-baldintzak hobetzeko proposamen bateratua helarazi zieten patronalei eta Nafarroako Gobernuari baina, gaur egun, ezinezkoa izan da aurrera egitea negoziazioan patronalek mantendutako boikot-jarreragatik eta arlo horretan lan egiten duten pertsonen lan-baldintzak hobetzeari uko egiten diotelako.

Ez dugu onartuko patronalak mantentzen duen blokeoa, ez dugu onartuko inposatzen diguten negoziazioaren erritmoa. Horregatik gaude gaur hemen, greba egun honetan.

Greba egiten dugu gure sektoreko patronalek eskuratzen dituzten irabazien zama langile-klaseak eusteari uzteko. Izan ere, sektore honetan langile gehienak emakumeak dira eta zaintza lanetaz arduratzen jarraitzen dute inolako aitormenik gabe.

Bada garaia zaintza-sistemaren funtzio soziala balioesteko.

Bada garaia lan horietan arreta jartzeko. Heldu da garaia lan horiek egiten dituztenengan ere arreta jartzeko eta horien lan-baldintza duinak eskatzeko.

Mendekotasunaren sektorea estrategikoa da, gero eta garrantzitsuagoa. Horregatik, beharrezkoa da administrazio publikoek beren gain hartzea kalitatezko zerbitzuak emateko, mendekotasunaren sektorea babestuz adinekoen eta mendekotasuna duten pertsonen arretaren zerbitzuarekin bateraezinak diren enpresa-ereduen aurrean.

Bada garaia sektoreko langile guztiek merezi duten benetako aitorpena jaso dezatela, aitorpen hori nahitaezkoa eta, batez ere, justizia-ekintza bat baita.

Ez dugu onartuko orain arteko lan-baldintzak mantentzea. Zaintza lanaren duintasuna eta mendekotasun-zerbitzuen kalitatea aldarrikatzen jarraituko dugu.

Publikoak, doakoak eta unibertsalak izan daitezen eskatzen jarraituko dugu.

Mobilizatzen jarraituko dugu lortu arte.