Greba, hitzarmena berreskuratzeko negoziazioa has dadila exijitzeko
Nafarroako grafikagintzako sektoreko langileek greba eguna egin dute gaur, patronalari negoziazio mahaia ireki eta sektoreko hitzarmena berreskuratzeko prozesua berehala has dezala exijitzeko. Antolatzaileen arabera, jarraipen zabala eta arrakastatsua izan du.
Gaur egun, 2.000 langile inguruk egiten dute lan Nafarroako grafikagintzan, eta 2014an probintzia mailako hitzarmena iraungi zenetik, estatuko hitzarmena aplikatzen zaie. Egoera horri buelta emateko nahia argi geratu zen iaz, sektorean 400 sinadura baino gehiago bildu baitziren hitzarmen propioa berreskuratzearen alde.
Hala ere, patronalak uko egin dio orain arte negoziazioari ekiteari, eta sindikatuekin esertzeko borondaterik ere ez du erakutsi. ELAk jarrera hori larritzat jo du, patronala oso eroso dagoelako estatutik ezarritako lan baldintzekin.
ELAren ustez, gaurko mobilizazioak agerian uzten du lan baldintzak Euskal Herrian negoziatu behar direla. Ildo horretan, martxoko greba orokorrak plazaratutako aldarrikapenekin lotu dute borroka, salatuz estatuko markotik inposatutako lan baldintzek prekaritatea areagotzen dutela eta Nafarroako langileen errealitatera egokitutako hitzarmen propioen beharra inoiz baino handiagoa dela.