Greba Lekunberriko Agrozumosen kontziliazioa eragozten duen malgutasunaren aurka

Agrozumos Lekunberrin dagoen enpresa da, eta 120 pertsona inguruk egiten dute lan bertan. Batez ere zukuak egiten ditu, eta pandemia hasi zenetik, enpresa horren irabaziak nabarmen handitzen ari dira. Enpresa-batzordea ELAko 9 ordezkarik osatzen dute.
Hitzarmenaren negoziazioa enpresak blokeatu duenez, lau greba egun deitu dira, eta gaur da lehenengoa. Gatazka konpontzen ez bada, otsailaren 15ean greba mugagabea hasiko da.
Langileen arazo nagusia malgutasun handia da, kontziliazioa eragozten baitu. Zuzendaritzaren malgutasuna izugarria da, eta langileen bizitza enpresatik kanpo baldintzatzen du. Zenbait egoeratan, langileek ez dakite ostiralean zein izango den beren lan-txanda hurrengo astean edo zein egunetan lan egingo duten.
Hitzarmena negoziatzean, enpresako zuzendaritzak eragotzi egin du edozein akordio, ez baitu malgutasuna arautu nahi, eta, horregatik, langileek arrakastaz egin dute bat deitutako grebarekin.