Greba Orokor arrakastatsua aurreikusten dugu

2026/03/13
Greba Orokor arrakastatsua aurreikusten dugu
Martxoaren 17ko Greba Orokorrak babes eta jarraipen zabala izango du. Grebaren aldeko atxikimendua eman dute 1750 Enpresa Batzordek eta Pertsonal Batzordek (horietatik 200 Nafarroan) eta 100 eragile baino gehiago atxikitu dira grebara.

Lantokietan batzarrak egiten ari dira. Batzar lotesleak egiten ari diren tokietan baiezkoa ateratzen ari da alde handiz, hala nola, Torraspapel, Aceros Moldeados, Magotteaux Navarra, Mepalsa, Barranquesa edo Lamaporren. Batzar informatiboak egiten ari diren lantokietan ere, langile askok eta askok adierazi dute grebarako asmoa. Greba arrakastatsua izango dela dirudi, langile askok grebarekin bat egingo dute eta mobilizazio oso jendetsuak aurreikus ditzakegu.

Etengabeko hazkundean oinarritzen den eta ekologikoki sostengaezina den kapitalismoan, energia iturrien kontrola gatazka arrazoi bilakatu da eta gero eta basatiagoa den fase kapitalistan murgildu da mundua. Testuinguru honetan, Estatu Batuek eta Israelek Ekialde Hurbilean enegarren eraso inperialista burutu dute.

Ekialde Hurbileko gerra langileon poltsikoetan eragina izaten ari da. Gasoilaren, argindarraren edo gasaren prezioaren gorakadak jada pairatzen ari ginen bizitzaren garestitzean beste maila bat igotzea ekarriko du. Gerra giro honek grebarako arrazoiak indartu egin ditu.

Gure izenean gerrak egiteari ezezko borobila ematen diogu, ez gaude prest gerraren faktura ordaintzeko. Martxoaren 17an gerraren kontrako eta justizia sozialaren aldeko greba izango da. Aberastasunaren banaketa, soldatak hobetzea eta LGSa hemen erabakitzea bizitzaren garestitzeari aurre egiteko bitarteko eraginkorrak dira eta horregatik da garrantzitsua 17an grebarekin bat egitea.

LGS propio bat lortzeko negoziazioaren bidea eta bide instituzionala aktibatu ditugu. Bi bideak itxi nahi izan dizkigute. Horma bikoitza ezarri nahi izan digute. Greba Orokorra deitu dugu. Greba deitu izanak bi bideak zabalik jarraitzea eragin du.

Zabalik dago CENekin akordio intersektorial bat negoziatzeko aukera. Beraiekin bildu gara eta ez dute pisuzko argudiorik honelako akordio bati ezetz esateko. Eztabaida ez da teknikoa, ez da juridikoa. Sindikatuok negoziatzeko dugun prestasuna erakutsiko dugu berriro ere, negoziazio saiakera berriak egingo ditugu, martxoaren 25erako deitu baititugu CEN, UGT eta CCOO.

Bide instituzionalari dagokionez, atzo PSN eta Contigo-Zurekin alderdiek bat egin zuten PPrekin eta VOXekin herritar zaurgarrienei kalte egiteko, Nafarroako langile guztien kontra, Nafarroak LGS propioa izatearen aurka bozkatuz. Hala ere, jarrera batzuk aldatzen ari dira, duela urte bat ez bezala (orduan eztabaida ezkutatu nahian zebiltzan), eztabaida egokia eta interesgarria ikusten baitute gehienek.

Madrilen Gobernuko alderdiekin, Podemosekin eta Euskal Herriko, Galizako eta Kataluniako alderdiekin bildu gara Langile Estatutuaren 27.en artikulua aldatzea ekarriko lukeen lege proposamen bat aurkeztu dezaten. Bertan jasotzen da Autonomia Erkidegoek Estatuan negoziatzen den LGSa hobetzeko aukera. Alderdi soberanistek aldekotasuna adierazi dute eta beraietako batzuk prest agertu dira sindikatuok planteatu dugun Lege Proposamena Kongresuan aurkezteko. PSOEri eta Sumarrei, trabarik ez jartzeko eta ulergaitza izango litzatekeen posizio politiko bat ez hartzeko eskatzen diegu, langileen aldeko neurri bat onar dezaten nahi dugu.

Langile bakoitzak, gutako bakoitzak, grebarekin bat egin eta egindako esfortzuak indar harremanak hobetuko ditu bai patronalekin negoziatzeko bai LGS propio baterako aukera legala gauzatzeko ere. Beraz, martxoaren 17an zita garrantzitsua dugu, lantokiak hustu eta kaleak beteko ditugu. Patronala eta Gobernuek eraiki nahi izan dituzten hormak pitzatzen hasiak dira, pitzadura handiagoak eragin eta pareta horiek botatzea lortuko dugu. Soldatak hobetzea posiblea da eta LGS propio bat eskuratzeko aukera gero eta gertuago dago.



MOBILIZAZIOAK

Goizean goiz lantegietan egingo diren pikete informatiboetatik eta auzo eta herrietako greba batzordeek antolatutako ekintzetatik haratago, goizeko 11etan deitu ditugu bost zutabe Iruñerrian. Zutabe hauek Berriozarren, Txantrean, Atarrabian, NUPen eta Barañainen izanen dute abiapuntua eta ibilbidean zehar joango dira jendea biltzen. Goizeko manifestazio nagusia 12:30etan abiatuko da Gazteluko plazatik eta amaitu ere bertan eginen da. Tuteran, ordu berean, Plaza Berritik aterako da manifestazioa.

Arratsaldeko mobilizazioetan, eragile sozialek hartuko dute indarra eta manifestazio deszentralizatuak deitu ditugu Nafarroako herrietan.

Donezteben hasiko dira lehenak arratsaldeko 17:30etan. 18:00etan Altsasun, Leitzan, Zangozan, Garesen, Zizurren, Barañainen, Berriozarren, Antsoainen, Atarrabian eta Burlatan dute hitzordua.

18:30etan berriz, Tuteran, Lizarran, Tafallan eta Iruñean bertan izanen dugu manifestazioa, eta azkenak Agoitzen daude deituak arratsaldeko 19:00tan.