Greba Orokorraren jarraipena zabala izaten ari da Nafarroan
Enpresek egindako xantaia, mehatxu eta oztopoen gainetik, Greba Orokorraren jarraipena zabala izaten ari da, baita greba eskubidea eragozteko helburua zuten gutxieneko zerbitzu abusiboen inposizioaren gainetik ere.
Jarraipen mailari dagokionez, azpimarratzekoa da Nafarroako iparraldean greba ia erabatekoa izaten ari dela, Bortzirietan enpresa garrantzitsuenak itxita daude, hala nola Funvera, Savera eta Benito Menni zentroa, azken hau gutxieneko zerbitzu abusiboek baldintzatuta badago ere.
Sakanan eta Leitzan ere lanuztea orokorra da, eta enpresa askotan erabateko geldialdiak daude, hala nola Lecta (lehen Sarriopapel), Magotteaux, Aceror Moldeados Lacunza, GH Guema, Industrial Barranquesa (Lakuntza), Onmia… Era berean, eskualdeko beste enpresa batzuetan ere jarraipena oso handia izan da (Cementos Portland, Sakana S. Coop, Agrozumos, Wisco…).
Iruñerrian, grebak eragina izan du sektore guztietan: industria sektorean (VW, KYBSE, TRW, Icer Rail, Ingeteam, Lácteos Navarra…) zein zerbitzuen sektorean (ITV, Huarteko kirol instalazioak, Slan, Oberenako igerilekua, Leclerc, Carrefour…). Lizarraldean eta Tafallan ere eragina izan du, Schneider, Samsic, El Caserío bezalako enpresetan. Erriberan jarraipena txikiagoa izan da, baina nabarmendu behar da Guardian, Congelados de Navarra eta Uvesa enpresetan izandako eragina. Nekazaritza sektoreko enpresetan, hala nola Huerta de Peralta eta Florette (landa arlokoak), geldialdiak oso garrantzitsuak dira ere.
Sektore publikoan, grebaren eragina bereziki nabarmena izan da Hezkuntzan, ikastoletan, haur eskoletan, jantoki zerbitzuetan, eta Tokiko Administrazioan, hala nola Iruñeko, Zizur Nagusiko, Burlatako, Atarrabiako, Lizarrako eta Altsasuko udaletan, baita Sakanako eta Leitzako mankomunitateetan ere, besteak beste.
Eguneko mobilizazioen agenda aurrera doa: 11:00etan Iruñeko hainbat puntutatik abiatuko diren zutabeak elkartuko dira, 12:30ean Gazteluko plazatik abiatuko den manifestazioari hasiera emateko. Ordu berean abiatuko da Tuterako manifestazioa, Plaza Berritik.
Iruñeko manifestazioan, komunikabideei adierazpenak egingo zaizkie 12:15ean Gazteluko plazako kioskoaren ondoan.
Arratsaldean, mobilizazio deszentralizatuak egingo dira Nafarroako hainbat herritan, eragile sozialek protagonismo handia hartuko dutelarik. Zehazki, mobilizazioak egingo dira Donezteben 17:30ean, eta 18:00etan hitzorduak izango dira Tuteran, Altsasun, Leitzan, Zangozan, Garesen, Zizurren, Barañainen, Berriozarren, Antsoainen, Atarrabian eta Burlatan. 18:00etan bertan, manifestazioak izango dira Lizarran, Tafallan eta Iruñean, eta azkenik, 19:00etan manifestazioa deituta dago Agoitzen.
