Gureak Navarrako Enpresa Batzorde osoak salatu du zuzendaritzak langile guztiak pobretzeko asmoa duela

2021/03/30
Gureak Navarra-ko Enpresa Batzordeak -UGT (4), LAB (4) eta ELA (1) sindikatuetako ordezkariek osatua- prentsaurrekoa eman du gaur Noain-Ezkirotz industrialdeko lantokiaren sarreran, publikoki salatzeko enplegu-zentro berezi honetako zuzendaritzak langile guztiak pobretzeko asmoa duela, uko egiten baitio 2020ko soldata-tauletan, gutxienez, 2019ko KPIa bermatzeari eta finkatzeari.

Gorka Serrano UGTko delegatuak gogorarazi duenez, Gureak Navarra enplegu-zentro berezia da, eta 200 pertsona inguru aritzen dira bertan lanean, gehienak ezgaitasunak dituztenak. “Orain, langile gehiago ditu (70 langile gehiago kontratatuak ditu) eta inoiz baino lan gehiago”, azpimarratu du Serranok. “Bada, hitzarmenaren negoziazioan zuzendaritzak erabilitako jokabide zitalak salatu nahi ditugu. Batzorde honek langile guztien pobretzea sina zezan, Gureak Navarrako zuzendaritzak engainatu egin gintuen kontsulta-aldi baten hasierarekin. Hasiera horretan, beherantz doan hitzarmen bat sinatzea eta langileak pobretzea planteatu zigun, eta, horren truke, langileen zati handi bat kaltetuko zukeen ABEEE Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientea kentzea. Baina sinatzeari uko egin genionean, inoiz ez zioten lan-agintaritzari ABEEEaren hasieraren berri eman”.

Bere aldetik, LABeko delegatu Maria Ulloak gaineratu du Gureak Navarrak 2020an oporrik gabe utzi zituela langile asko eta asko, eta, orain, langileak opor horiek hartzera behartzen ari dela, hornidura-gabeziari aurre egiteko. “Hori gutxi balitz bezala, duela lau hilabete, zuzendaritzak langile gehienak behartu zituen arratsaldeko txandan ere lan egitera, nahiz eta horretarako beharrik ez zegoen”, erran du Ulloak. “Enpresa Batzordeak epaitegietan salatu zuen auzi hori eta irailean izanen da epaiketa. Arratsaldez lan egitera behartu zuen zuzendaritzak ez zuen abenduko egutegia bete, eta, une honetan, ezarritako ordutegiak ez ditu errespetatzen, egun batetik bestera aldatzen du txanda, baita ordu erdi lehenago ere”.

“Lan-agintaritzak eta administrazioak ezin dute onartu enplegu-zentro berezi bateko zuzendaritza batek, urtez urte milioika euro jasotzen dituenak diru-laguntzetan, desgaitasuna duten langileak horrela tratatzea”, aipatu du Josetxo Mandado ELAko ordezkariak. “Nafarroan desgaitasuna duten pertsonek ez dute enpresa handien eskulan merke eta prekarioa izan behar. Enpresako hitzarmena eta baldintza duinak behar ditugu, orain!”.