Herri eta auzoetako Greba Batzordeek deia egin dute herritarrek M17an parte hartzeko
Eskaera hori, azaldu dute, bizi eta lan baldintza duinen aldeko borrokaren baitan dago, eta aurre egiten dio langile probreen herriak sortzeko kapitalak eta faxismoak duen estrategiari. Helburu horrekin, martxoaren 17an herri eta auzoak gelditzeko konpromisoa adierazi dute Greba Batzordeek eta herri eta auzoetako bizilagunei parte hartzeko deia egin diete.
Eskualdeka, herrika eta auzoka Tuteratik Beraraino, Nafarroa osoa zeharkatuz antolatuta daude Greba Batzordeak. 30 batzorde baino gehiago eratu dira eskualde guztietan banatuta, grebaren deialdia eta aldarrikapena lantegi eta lantokietatik harago zabaltzeko asmoz.
Komunikabideekin izandako prentsaurrekoan, batzordeen ordezkariek ohartarazi dute aberastasuna eta boterea gero eta esku gutxiagotan kontzentratzen dela, eta bitartean, hainbat sektoretako gero eta langile gehiago bazterketa egoeran daudela. “Enpresariak gure kontura aberasten dira dena prekarizatuz. Horrez gain, sustatzen dituzten soldata eskasek, saltoki handien mesedetan, ezin dute gure herri eta auzoetako tokiko komertzioa bultzatu”. Horregatik, bat egiteko, antolatzeko eta kalera ateratzeko deia egin dute: “Martxoaren 17an herriak eta auzoak gelditzera goaz. Ez ditugu langile probreen herri eta auzoqak nahi. Soilik hemen erabakitako soldatek ziurta ditzakete bizi baldintza duinak denontzat”.
Horrez gain, Greba Batzordeek salatu dute Nafarroako Patronalak, UGT eta CCOO sindikatuek, Nafarroako Gobernuak eta eskuinak eskutik helduta ari direla langileen aurka, “aberastasunaren banaketa justua izateko gutxieneko soldata hemen erabaki eta hobetzeari uko eginez”. EH Bilduk eta Geroa Baik lege proposamena aurkeztu dute, datorren martxoaren 12an bozkatuko dena, eta honen onarpena PSN eta Contigo-Zurekin alderdien esku egongo da.
“Hemen bizi garenon oinarrizko beharrak asetzeko adina diru-sarrera egotea saihestu nahi dute Espainiaren izenean”, kritikatu dute batzordeko kideek. Haien ustez, gutxieneko soldata bakarra inposatzeak arrakala ekonomikoa sakontzen du eta identitate unionista sentimendua lehenesten du nafar langileen interesen defentsaren gainetik, logiko, zilegi, justu eta egingarritzat jotzen duten aldarrikapenari bide guztiak itxiz.
“Ez dago beste biderik, martxoaren 17an kalera atera behar gara”
Herritarren artean etxebizitza eskubidea bermatuta ez duten bizilagunak daudela adierazi dute Batzordeek, eta prekarietatea gehien pairatzen dutenak emakumeak, gazteak eta migratzaileak direla. “Gure auzokideak dira, langile klase berekoak gara. Beraz, ez dago beste biderik, martxoaren 17an kalera atera behar gara, denok bat”. Nafarroan gutxieneko soldata propioaren aldarrikapena, defendatu dute, “merezi duen borroka da, hemen lan egin eta bizi garen pertsona guztiei mesede egiten dielako, zerbait zentrala eta, une honetan, lor daitekeena”.
Azkenik, herritar eta langile guztiak gonbidatu dituzte haien herri eta auzoetan antolatuko diren ekintzetan parte hartzera eta azaldu dute arratsaldean, herri eta auzoetako langile zein eragile sozialekin batera, mobilizazio deszentralizatuak egingo dituztela. “Martxoaren 17an lehen ordutik gure herri eta auzoetako kaleetan aurkituko gaituzue.”