Hezkuntza Departamentuak Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoentzat iragarritako EPEak behin-behinekotasuna eta prekarietatea areagotzen dituela salatzen du ELAk

Gaur izan dugun Mahai Sektorialean Hezkuntza Departamentuak aurkeztu du Lanbide Heziketako Irakasle teknikoen kidegorako 122 lanpostuko EPE bat, azterketak 2022ko ekainan egiteko. ELA sindikatuarentzat hau ez da inondik inora ere nahikoa.
Nafarroako Gobernuak urteetan zehar administrazio publikoetan erabili duen enplegu politiken ondorioz, gaur egun hezkuntzan behin-behinekotasun tasa % 50 ingurukoa da. Egiturazko arazo bihurtu du gobernuak behin-behinekotasuna. ELAk beste behin ere honekin amaitzeko eskatzen dio, bereziki larria baita gobernuak egoera hau iraultzeko proposamen eraginkorrik ez izatea. Behin-behinekotasunak lan-prekarietatea iraunarazten du eta hezkuntza publikoaren kalitatea okertzen du.
Egoera hau are gehiago larriagotzen da behin-behineko Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen kasuan, LOMLOEk Irakasle Teknikoen Kidegoa desagertzeko bidean dagoen kidego gisa jasotzen baitu.
Hau dela eta inoiz baino premiazkoa da ELAk aspalditik aldarrikatzen duen finkatze-prozesuak abian jartzea gaur egun hezkuntza publikoan bitarteko gisa lan egiten duten langileentzat, bai plaza-kopuruari dagokionez (%6ko behin-behinekotasun tasa lortu arte gutxienez), bai eta prozesuaren eredu negoziatuari dagokionez ere. Halaber, beharrezkotzat jotzen dugu etorkizunean egoera bera ez errepikatzea bermatuko duten mekanismoak ezartzea. Erabaki horiekin bakarrik ekin ahal izango zaio kalitatezko hezkuntza publikoari.
ELA sindikatuan gogor jarraituko dugu lanean eta mobilizatzen langileen egonkortasuna eta lan baldintzak bermatzeko, inor atzean utzi ez dezaten.