Hilaren 29an, garraiolari batek izandako istripu hilgarria salatzeko mobilizazioa

ELA, LAB, ESK, STEILAS, CGT, Hiru eta ENHE sindikatuek berriro ere lan istripuak salatuko dituzte, oraingoan Iruñeako Garraio zuzendaritzaren aurrean, asteartean goizeko 11.00etan, istripu batean hil den azken langilea gogoratu eta lan baldintza kaskarrek eragiten dituzten heriotzak gaitzesteko; “Lan istripurik ez, prekarietatea hiltzailea” izango da elkarretaratzearen leloa, lan-istripuak eta lan baldintza kaxkarrak salatzea xedea, konkretuki aurreko astelehenean, ekainaren 21ean Villatuertako industrialdean hil zen garraiolariari gertatua. Foru poliziaren arabera, ondoeza izan zuen, beraz, heriotza ez zuen berez istripuak eragin, istripua ondoezaren ondorio izan zen. Hain juxtu sarritan salatu dute sindikatuek hori, garraiolarien istripuak ez direla lan istriputzat jotzen. Gutxi gorabehera arratsaldeko 15.15etan gertatu zen, trailerrak aparkatuta zeuden sei auto kolpatu zituen. Lehenik eta behin, bide batez, sindikatuek elkartasuna eta babesa adierazi nahi dizkiote lan istripuan zendu zen garraiolariaren senide eta lagunei.
Esan bezala, aipagarria da garraiolarien lan istripuak ez direla askotan aintzakotzat hartzen, errepide istripuen zenbakien atzean gordetzen saiatzen dira. Egoera hau mingarriagoa eta larriagoa bihurtzen da, kasu honetan bezala, lan istripua “heriotza naturalen” multzoan sartzen badute. Baina ez da hala. Garraiolariek ere lan istripuak dituzte.
Asko lan baldintza kaskarren ondorio dira. Prekarietateak hil egiten du, lan jardunaldi luze eta estuek eragin handia dute, besteak beste, atsedenik ezak, lan karga handiek, enpresak eragindako presa eta presioak bezala, eta baita errepideen zein ibilgailuen egoerak ere.
Sarri aipatzen dute agintariek garraiolariek ezinbesteko lana egiten dutela, oinarrizkoak direla, behar beharrezkoak, baina, gero benetan, garraiolarien lan baldintzak bost axola administrazioari. Nahi duena garraio merkea baita.
Garraiolariak baldintza duinak behar ditu, gizarteak behar dituenak garraiatzeko. Lan eta osasun baldintzak zaindu eta bermatu behar dira duintasunez lan egin ahal izateko.