Hirugarren Adinekoen Zentroen lehen hitzarmen sektorialaren negoziazioa eskatzeko manifestazioa

2021/09/30
Ehunka pertsona bildu dira Iruñean Hirugarren Adinekoen Zentroen lehen hitzarmen sektorialaren negoziazioa eskatzeko. Deialdia egin duten sindikatuek – ELA, UGT, LAB eta CCOO– lan baldintza duinak negoziatzeko eskatu dute. Egun 4.500 langile baino gehiago dihardute sektorean, Foru Erkidegoko 70 zentrotan baino gehiagotan banatuta.

Ezinbestekoa da baldintza duinetan lan egitea ahalbidetuko duen eta erabiltzaileei zerbitzuaren kalitatea bermatuko dien hitzarmen bat. Hala ere, sindikatuen negoziazio eskaera horren aurrean, langileek patronalaren eta Nafarroako Gobernuaren blokeoarekin topo egin dute. Maiatzean negoziazio-mahai bat eratu zen, eta ELAk, UGTk, LABek eta CCOOk proposamen bateratu bat adostu zuten, langileentzako hobekuntzekin. Hala ere, patronalak, aldarrikapen horiek aztertu beharrean, ezezko orokorra eman dio guztiari. Bestalde, Nafarroako Gobernua, sektore hori finantzatzen duena eta erantzukizun publikoa duena, patronalaren jarrerarekin lerrokatu da, eta 4.500 langile nafar baino gehiago prekarietatean murgilduta utzi ditu.

Manifestazioaren helburua lan-gatazka hori agerian uztea izan da, eta patronalak eta Gobernuak jakin dezatela langileak ez direla besoak gurutzatuta geratuko zain. Beharrezkoa da zaintza-lana duintzea, batez ere emakumeek egiten baitute lan hori. Nafarroan, zaintza profesionalizatuak kudeaketa pribatuko enpresen esku daude, eta horiek onura ekonomikoa lehenesten dute pertsonen zaintzaren gainetik. Eta ezinbestekoa da horri buelta ematea zainketen eredu publiko, doako eta unibertsal baterantz aurrera egiteko.

Sektorean ordezkaritza duten sindikatuek esan dute patronalarekin eta Gobernuarekin bilerak egiten jarraituko dutela, baina argi utzi dute sindikatuek adostutako proposamenak onartzen ez badituzte mobilizazioekin jarraituko dutela, greba baztertu gabe.